www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

DEIA

 

        Aldudeko gainak bezein handi, arin eta kartsu...

        Miarritzeko itsasoa bezein barnez zabal eta zabalago...

        Begietan: mendi-elurren garbi hura eta itsas-mugaren neurri-gabe hura...

        Mugerreko Apeza... Behin ikusi dut eta behin-betikotz maitatu.

        Igorri zautan berriki liburu bat, erdaraz hunela mintzo zena:

        «Gizonek bezala, Herriek ere behar dute Jainkoaren deiari jarraiki.

        »Jainkoaren dei horri «ez» dion Herria hiltzen da.

        »Jainkoaren deiari jarraikitzen zaionak irauten du; eta bere izaitea begiratuz, bere izaitea zabalduz, Jaunaren Erresuma hedatzen ari du bertze Herrietan barna.

        »Herri eta jende-mota bakotxaren bidez, Jainkoak badio munduari zerbeit eman nahia:

        »ez du beraz Herri bakotxak gizontasun-eskasez bere jitea ukatu behar, ez eta handitasun-gosez bertzeak zangopilatu behar.

        »Behar du aldiz ezagutu bertze Herriak ere zerbeitetarat deituak direla; eta behar ditu lagundu Jaunaren Erresumaren eraikitzen,

        »Gutarik geienak, beren eginbideak betez bakarrik, ohart-gabean dire Jainkoaren dei horri jarraikitzen.

        »Bertze batzuek barna sentitzen dute.

        »Batzuek, argi eta fede gutiegiz, Herria makur-arazten dute, Jainkoak deitu alde hortarik.

        »Bainan bertze batzuek, beren indar, min eta otoitzez, Jainkoak deitu alde igan-arazten dute beren Jendea eta makurtzaile hoik ere zerurarazten.»

        Mugerreko Apeza, orai Jainkoa baitan baitzare, sar euskal-bihotzetan eta galda zozute:

        «Nor behar zaio ontsalaz Jainkoaren dei horri ohartu eta nork behar du euskal jendea deitu-alderat igan-arazi?

        Erdal-bidea har-araziz, bere Dei bereziari jarraik-arazten da ote?

        »Zertarat deitua ditake euskal-jendea? Ez ote gain-gainetik sinestearen eta etxearen, nahasmendu guzien gatik ere, azkar atxikitzerat? Ez ote seme ainitzen munduz mundu igortzerat eta heien bidez munduzabalean sineste eta anaitasun hedatzerat?

        »Zer indar bihotzean, eta zer argi gogoan emaiten zaiote gure gazteri, Dei horri ihardets dezoten? Sakelak huts doatzi... Eta bihotz-gogoak aski beterik ote dituzte, munduari ihardukitzeko eta haren Jainkorarazteko?»...

        Mugerreko Apeza, apez kartsu eta jakintsua, entzun-araz zerutik Euskal-Herriari Jainkoaren deia.

 

23-2-50

 

aurrekoa hurrengoa