www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

ONDARRABIKO

 

Ondarrabiko Kaputxinoen

Bizar haundien ederra!

Ifernu indar gaitzer nausitu

itsas-gizonen bizarra.

Filipin eta Xinaraino da

Hedatu heien oldarra:

Ezaun du hoitan mintzatu dela

Jaun Goikoaren indarra.

Ondarrabiko Kaputxinoen

Bizar haundien ederra!

 

Ondarrabiko Kaputxinoen

Bihotz beroen zabala!

Beren artean onartu naute

Beren anaia bezala.

Nik zor guzia gaur bakotxari

Jainkoak ordain dezola:

Saindutasunez eta bizarrez

Nasaiki lora ditela.

Ondarrabiko Kaputxinoen

Bihotz beroen zabala!

 

Ondarrabiko Kaputxinoen

Begi garbien argia!

Sortzetik dugun hoben hortarik

Hustua dute begia.

Besoak zabal, denentzat dute

Beren ongi-etorria;

Ororen anai, denentzat dute

Beren zeruko irria.

Ondarrabiko Kaputxinoen

Begi garbien argia!

 

27-2-56.

 

                        AIREA: Lurraren pean.

 

aurrekoa hurrengoa