www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

ADARTZA-REN BIHOTZA

 

                Onzorone xokoan

                gutarik batek:

                bere Amatxi.

 

Zenbatez denek hobea burua baino bihotza.

 

Onzoroneko xokotik jazko gainerat gabiltza...

Aurten zabaldu daukuzu, izigarriko Adartza,

Mendi-hegalen artean gorderik duzun bihotza.

 

Igaiten ikus orduko gainez gain jende arrotza

Burua zaitzu gogortzen eta sugartzen, Adartza,

Hedoi beltzekin igorriz hasarrearen ekaitza.

 

Zenbatez denek hobea burua baino bihotza.

 

Pago zaharren azpitik errekaz igan ondoan,

Ixil ixila jo dugu zure zimurren ziloan,

Zure bihotza gorderik den Onzorone-xokoan.

 

Gordagiaren barnean, oi zer amatxi goxoa!

Bozkariozko nigar bat haren begitik baitoa,

Esku xaharrak juntatuz ohetik dio: «Jinkoa!»

 

Zenbatez denek hobea burua baino bihotza.

 

Mende berriko galernen su-karrasketan, Adartza,

Euskal-herrien zaintzale burua luza bai luza,

Gordez hertzetan Euskara, gordez amatxi-bihotza.

 

...-55

 

aurrekoa hurrengoa