www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

GEROARI BURUZ

 

Mundu guziko euskal-anaier bihotz bihotzez: urte on!

Mende jendeak dabilzkan Hari denak bat deika gauzkion,

Bazter guzien nahaste huntan Euskal-Herria xut dagon.

 

Aintzinekoek jasan dituzte gaitzeko etsai-oldarrak:

Euskal-mugetan zuritu dire frango jendeen hezurrak...

Zer egin dire, zer egin ote orduko gure indarrak?

 

Joan mende hoitan Euskarak eta mendiek ginen zainduak.

Hara nun orai gezur lohiak orotan diren sartuak...

Jo ote dauku etsigarriko euskal-ehorzten orduak?

 

Mende jendeak dabilzkan Hari irrintzinaka gauzkion:

Gure gazteen behakoari lehengo Sua pitz dezon,

Erdal-itsaso nahasi huntan Euskal-Herria xut dagon.

 

Bertze mendeak sortu eta hil. Hilen da gaurko mendea...

Oro galdurik badugu beti azken indar bat: etxea!

Bai eta haren azpiko-harri: ezin garraitu Fedea.

 

Denen errausle galerna eta erauntsi-gau tzar beltzetan,

Kuku ditela euskal-etxeak euskal-lurren zimurretan,

Xuri ta gorri irriz aitzeko goizaren lehen garretan...

 

Mundu guziko euskal-anaier bihotz bihotzez: urte on!

Gauden otoizka eta denak bat Euskal-Herria xut dagon,

Mundu guzirat hedatuz beti: su, argi eta zorion.

 

* * *

 

        Gure aspaldiko arbasoak munduari hetsirik zauden eta gogor: ainitz kanpotar dute garraitu, bainan nork ihardoki luzaz itsasoari, nork beti bentzun etsai-uhain hiltzaileak?

        Jainko-Semea ez balitz agertu, itoak eta erraustuak izanen ginen engoitik.

        Harek eman dauku bihotzean sinestea; eta sinesteak, kanpotar-itsasoari gogor egoiteko partez, haren gainean ibil-arazi gaitu, haren gainean eta mende-jenderi nausi.

        Euskaldun ba, bainan gizon guzien anai. Euskaldun egon ba... bainan zeru-lurrak dabilzkan hari josirik egonez; eta ez: odol ixuriz ta iragaiten diren euskal-lurkerier erroki aztaparkatuz.

 

        Urte on! herriko anaieri: maita gero-ta-geiago zuen xokoñoa, munduaren hobeki maitatzeko.

        Urte on! urrungoeri: gero-ta-geiago aipatuak ta bilduak zaiteztela!

        Urte on! Maita etxea, beira sinestea.

 

        O.N.U. biltzar handi hartarat neskatxa bat jin zaiote agurka mundu guziko banderak bere zaian zauzkala... eta neskatxa hori: euskal-lurreko alaba, Bazterrech deitua.

        Bihotza euskal-lur ta mintzoari zain guziez lotua, bihotza mundu zabala bezein zabal, goazen, euskal-semeak, geroari buruz.

 

30-12-48

 

aurrekoa hurrengoa