www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

AI! HAREN BURUA...

 

                «Ils ont peur de nous!»

                Mgr St-Pierrek

                Biarritzen, 18-0-48.

 

Itsas-haizeak jo    mendi-gainetako    harrok-hezurreri    aztaparka dauden    haitzburuak bezein    ileak buruan    galernatsu,

 

eta behakoa,    bekain beltzen pean,    mendez mendetako    erdal-indarreri,    gogor egin duten    gure arbasoek    bezenbat su,

 

ai! haren burua,    bihotza hortzetan,    mintzatzen zenean,    mintzatzen, altxatzen,    ihurtzurikatzen:    erdal-bidekoak,    kasu! kasu!

 

Bazakien harek    Orhi eta Larrun    mendien arteko    euskal-erreketan    sortu diren gaztek    osokian gizon    izaiteko,

 

osokian gizon,    eta langile on    eta begi erne    eta gogo zabal    eta bihotz bero    eta Jesu Kristo    iduriko,

 

ez diotela, ez,    beren aitek lantu,    beren amek ontu    euskal-mintzoari,    euskaldungoari    ihes egin behar    ala uko.

 

Bazakien ere,    guhau egoitekotz,    ez direla behar    euskaldun-bihotzak    euskaldun-gogoak    pean kukuturik    begiratu,

 

ez direla behar    jauzi soinuz eta...    arno kantuz baizik,    gora Euskal-Herriz    eta ele zuriz    hil-itsaso huntan    lilluratu,

 

bainan bai orai,    ez itotzekotan,    behar ditugula,    gure mendi gainen    kaskoa bezala,    goi-aizetaraino    goraltxatu:

 

Behar ditugula    guhauren gogoak    bai sinestearen    bai jakitateen    argi berrienez,    indar kartsuenez    funski hazi,

 

behar ditugula    guhauren bihotzak    mundu zabalaren    mugarik gabeko    zabal-zabalerat    amodio-bortxaz    hedarazi

 

eta elgarrekin,    zeruko Jainkoa    bizian iguzki,    munduari buruz    geroari buruz    beldur ahalgeak    orok utzi.

 

Xutitu da bera    euskal-errekatik    eta igan igan    jakintsuak bezein    dena jakitate,    sor-mendiak bezein    dena hezur.

 

Egin dauku berak,    arrotzek ondatu    itsas bazterrean,    mundu guzitik    jin euskal-ikasleri,    arrats gorri batez,    sutan agur.

 

Ai! haren burua,    bihotza hortzetan,    mintzatu denean    mintzatu, altxatu,    ihurtzurikatu:    «Gure beldur dire,    gure beldur!»

 

* * *

 

Oi, urrun urrungo    itsaso uhainek    irets aintzineko    iguzki-soaren    suaren ederra!    Gero zer hotz eta    ilunbeak!

 

Zu aintzindari,    bai eta itsas-argi,    —goititzerakoan,    euskaltzerakoan,    nausitzerakoan—,    nork izi, nork bara    gu gazteak?

 

Zu aintzindari, bai,    zu denen lokarri,    laster behar ginen    lur guzi guziko    euskal-semeak bat...    Gau-peratu gaitu    zu joateak...

 

Ai! haren burua,    bihotza hortzetan,    mintzatu zenean    mintzatu, altxatu,    ihurzurikatu:    «Gure beldur dire,    gure beldur!»

 

* * *

 

Ilunbez, nigarrez    eta hil-harriez    bertzalde hartako    goiz-argi ezin hil,    ezin ilunduan,    ortzi ximixtaka    xuti berritz!

 

Nevada gainetan    eta Coloradon,    Xilen, Argentinan    eta nork daki nun    herri-minez hilak    zure dei karraskaz    guziak pitz

 

eta, zeruan den    Aldare nausian,    eman Jainkoari    zuk otoitz-kantu hauk,    bertzek errepika,    lurrekoen deia    hel-araziz?

 

«Aita-Zerukoa,    denen Egilea,    denen Helburua,    onar euskal-lurrak    eta heien minak,    onar euskal-semen    deiadarrak.

 

Geldi-araz, otoi,    negu hiltsu huntan,    —lurren ondatzaile,    etxen inarrosle,    jeden etsitzaile—,    mendiek ixuri    lur-nigarrak.

 

Aski auhen-dolu,    aski etsimendu!    baitire oraino,    frango hilik ere,    bihotz handikoak:    suz bete ditzala    hilen karrak.

 

Aita Zerukoa,    galduak gare gu,    bainan hor zare zu:    onar euskal-odol    eta euskal-lurrak,    onar euskal-semen    deidarrak.

 

Munduko Herriak,    munduko jendeak    hilen dire denak;    gu ere: zuzen da,    izigarri zuzen,    zainetan baitugu    bekatua.

 

Oraiko gazteek    hartarik libratuz,    minetan garbituz,    eta Jainkoz betez    libra dezatela    beren euskal-jende    Jainkotua.

 

Oraiko gazteek    euskaraz iganez,    euskaraz amestuz    goi-eletaraino    altxa dezatela    euskal-hitzen barne    zerutua.

 

Aita Zerukoa,    galduak gare gu,    bainan hor zare zu:    onar euskal-odol    eta euskal-lurrak,    onar euskal-semen    deiadarrak.

 

Ez dugu galdetzen    erresumatzerik,    muga gerlakorrik,    bainan zure argi,    zure barne-indar,    zure bihotz-neurri-    gabekoa.

 

Erresumen eta    mugen gatik ere,    gauden bat, gauden gu,    gauden anai eta...    denen adixkide,    dugun heda bizi    betikoa.

 

Hortarako frangok    euskaldun-Arima    maita dezatela    euskal-gozoeri    uko aitzeraino,    zu hautatuz xoilki,    zu, Jainkoa.

 

* * *

 

Ai, haren burua,    bihotza hortzetan,    mintzatu denean,    mintzatu, altxatu,    ihurzurikatu    eta ortzadarrez    tanpez iguzkitu:    Zuri gaude, Aita    Zerukoa!

 

12-2-52

 

aurrekoa hurrengoa