www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

KURUTZEA

 

        Haren besoak, bi beso gorriak orok ditugu gure bidean aurkituko...

        Ez iragan, ez egon hotz: har-zkitzue eta besarka...

        Kurutzea gabe ez da gizonentzat zeruratzerik.

        Kurutzea gabe bekatua nausi da eta bekatuak oro deramazka sekulako heriotzerat.

        Kurutzearekin aldiz zeren beldur gintazke?

        Kurutzeak du, Jesus dilindan zaukala, kurutzeak du mundua garraitu, ifernua erraustu, bekatua ezeztatu, heriotzea gainditu.

        Nun kurutzea hor bekaturik ez. Nun kurutzea hor Jainkoaren indarra, hor betiereko bizia.

        Kurutzea deneri nausi da: zeruaren eta lurraren artean ezarria izan da sekulako. Hura da zeruratzaile bakarra.

        Kurutzeak oro Jainkoztatzen ditu. Dohatsu kurutzearen itzalean elgar maite dutenak, hil ondoan ere gozatuko dute beren amodioa, Jainkoa baitan neurririk gabe eta betiereko betierean zabaldua.

        Oi agur, Kurutzea, Jainkoaren odolak bustia, Jainkoaren hezurrek apaindua!

        Agur zuri, Kurutzea, esperantza bakarra!

 

27-3-47

 

aurrekoa hurrengoa