www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

KONTRABANDA

 

        Ez izi: ez dut nehor salaturen, ez eta erranen bekatu dela kontrabanda.

        Jar gaiten apur bat supazterrean eta errazue...

        Kanpo hortan bada gaur aize ta uri eta etxe-xokoan goxo... Zoin da etxekoen ongirik handiena: diru biltzea ala elgar goxatze hau?

        Ama xaharraren bihotz higatu hori beharrik gabe kexuz betetzea eta xehatzea... ba ote ditake Jainkoaren nahia den?

        Maiteari (maite zeno) hainbertze ele goxo erran-eta, emaztea beharrik gabe bakar-bakarra uztea, loa ta bakea joanik uztea... ba ote ditake Jainkoaren nahia den?

        Haurreri arrotz bilakatzea eta beharrik gabe, musean hamar sos bezala, mendietako tarrapat hoitan etxaldearen jokatzea..., ba ote ditake Jainkoaren nahia den?

        Axerikerietan eta ilunbekerietan, zer den zuzen eta zer den makur ahanzteraino trebatzea, etxekoekin samurtzea eta kanpokoez mendekatzea... ba ote ditake Jainkoaren nahia den?

        Kontrabanda ez da bekatu. Maiz Jainkoaren nahiaren kontra ibiltzea: ba.

        Aski gaurkotz. Orroit, haatik, ez ditakela zeruetan... kontrabandan sar.

 

27-1-49

 

aurrekoa hurrengoa