www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKALDUN ELIZERI

 

        Zuen haurrak... zer egin ote ditutzue?

        Hainbertze baitire zuen bataio-harri xaharrean goiko bizirat sortu direnak, nun dire orai?

        Nun dire muttiko begi-erne hoik guziak? Nun nexkaño irrikari xoxo hoik guziak?

        Hor ditutzue frango, aspaldiko kadira ta galerietan, hor ditutzue igande oroz: handituak, prestutuak, zentzutuak...

        Bainan bertzeak?... Nun dire bertzeak?

        Heldu den astean otoitzak eginen ditu Eliza sainduak hartarik kanpo bizi direnentzat.

        Euskaldun Elizak, otoitzak egin zuek ere, zuetarik kanpo nunbait dabiltzanentzat: Parisen, Kalifornian, Arsentinan ala nik dakita nun...

        Euskaldun Elizak, otoitzak egin, egin ahalak oro egin: zuen haur guzi guziak zerurarazkitzue, hek urrungo bazterretaraino segituz ta zainduz, hek Jainkoaren ta euskaldungoaren amodioan bat eta osoki bat atxikiz.

        Euskaldun Elizak, euskaldun apezak, euskaldun aitamak, zer diozue Jainkoari ihardetsiko... azken egun hartan?

        «Zuen haurrak... zer egin ote ditutzue?»

 

15-1-48

 

aurrekoa hurrengoa