www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

Errak, Pilale

 

GAIXO GORPUTZA!

 

        «Hilen ilabetea... Hil-hobi, hezur, errauts eta hil zeinu!... Gaixo gorputza!

        — Ba! gorputz tzar hori... Hartarik jiten zaizkigu-eta bekatu gutiziak eta gal-biderat lerratze guziak. Bego, bego lurpean!

        — Ez, Pilale, ez hola mintza: ez diagu gorputza etsai, bainan lagun eta adiskide. Baditik gorputzak gutiziak eta egarriak, hori ezin ukatua! Bekatua ez ote dik arimak egiten, ala amor emanez, ala ere egarri itsu horiek gaizkirat gidatuz.

        — Ba, ba... Haatik! min guziak: tripakoak eta haginetakoak, gorputz tzar hunek dauzkigu ematen...

        — Zer uste duk? ala... bere nahiz dela eritzen eta gogotik dauzkigula jasan-arazten, arimak onetsi bekatuen ondorioak?

        »Ai! bahaki, Fedearen argian, zer gauza saindua den hire gorputza!

        »Hire gorputz: Jainkoaren eta Aitamen Amodioak sor-arazia.

        »Hire gorputz: amaren altzo sainduan goxatua eta amaren fereka ta musuek egunetik-egunerat moldatua.

        »Hire gorputz: Jesusen gorputzaren iduria eta graziek ta bertutek haren eiterat beti geiago bilakarazia.

        »Hari esker ditut begiak ikusteko, beharriak entzuteko eta eskuak Jainoarekin lan egiteko.

        »Hari esker lur huntakoa haiz eta lurkeriak oro Jainkoaren lorialat baliatzen ahal dituk.

        »Hari esker zerurat kantuz aitzen ahal haiz eta jaidurak heziz ta minak jasanez, hire arima garbitzen ta zerurarazten ahal duk.

        »Hari esker hire hezurretan pairatuz, hire begietarik nigar eginez, bertze gizonak salbatzen dituk eta zelai-mendiak Bertze Munduari buruz igan-arazten.

        »Elizak bezala, Jainkoa bere baitan dik; eta hilez ta ustelduz zeruan sar-araziko hau, ber-Piztearen ezin-hilezko Gorputz hartaz jaunzterainokoan.

        — Nik betidanik aditua nuen: behar zela arima maitatu eta gorputza erdeinatu.

        — Bai, nik ere ez daiat bertzerik erraten: behar dituk zerutiar jaidurak maitatu eta lurtiar jaidurak erdeinatu.

        »Bizkitartean arima eta gorputza ez ditut behex, ex-eta behexten ahal; hire baitan ez dituk bi gauza, hire baitan ez duk norbeit bakar bat baizik: hi!

        — Alta! hiltzean ez naiz arima baizik izanen!

        — Hiltzean zer gertatuko den... Misterioa! Hemen hire gorputzean bizi haiz eta gorputza gabe ezin bizi. Han Jainkoa baitan biziko haiz, Jainkoaren begiekin ikusiko duk eta Jainkoaren beharriekin adituko.

        »Bertzalde, ez baituk bertze bizi hartan ez egunik, ez urterik, ez menderik, bainan bai Eternitatea: lurreko gorputza galtzean, jauntziko duk ezin-hilezko hura; bainan noiz? Nola?

        — Eta nolakoa izanen da gorputz hori?

        — Hemengoa lur, hangoa zeru. Hemengoa hazia, hangoa landarea. Hemengoa ilunbe, hangoa argi. Hemengoa pairakor, hangoa ezin-paira. Hemengoa hilkor, hangoa ezin-hila.

        »Beraz, erran bezala: erabil hire gorputza, Jainkoak nahi bezein handizki, arta-zak, garbi atxik eta osasunean begira; hire gorputza ez baituk zerukoaren urrungo geia baizik.

 

* * *

 

        Pena diat, Pilale, hiltzean, haurren ikaragarri eta denen okaztagarri, gorputz-hil baten uztea...

        Ehortz-zazue lehen-bai-lehen; bainan eremazue, ohore handitan, elizarat: ene betiereko Gorputz-Arimen moldatzaile eta hazi usteldu gaixo hori!...

 

        Aita Txi.

 

10-11-49

 

aurrekoa hurrengoa