www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

                        R. Lafon,

                        Euskal-erakusle jaunari.

 

 

BERRITZ ERE

 

Berritz ere pertsu-kantuz heldu nitzaik, Euskara;

Hire suzko ele hoitan zirimolan aitzera...

 

Oi! Euskara, mintzairetan lehen eta maitena,

Amattoren soa bezein garbi eta urdina,

Hi mintzatuz, hitaratuz zer atsegin dutana

Hitan baituk euskal-lurren soinu-moinu ozena.

 

Ttikitik diat bularrean hartu hire gozoa,

Hiri esker lehen aldi izendatu Jainkoa...

Hire hitzen kar nasaian alatu diat gogoa

Eta entzun munduan den Jainkoaren Mintzoa.

 

Heldu nitzaik berritz ere heldu nitzaik, Euskara,

Xoragarriz gaiten biak jauzi-pertsuz atera.

 

Ai, ondikotz! eskoletan erdal-mintzoz asea,

Arroztuxe hitzaizkitan euskal-mintzo nerea...

Bainan tanpez ahalgeak nahasirik barnea,

Piztu zaitak ahal-oroz euskaltzeko xedea.

 

Euskal-hitzez, euskal-kantuz gau-egun nuk zoratu

Eta aiten bihotz gogoz barneraino sugartu.

Hire elen hurrupaka hitz eginez ta kantu

Diat gau batez bihotzean goiko deia aditu...

 

Goazen, goazen zirimolan, goazen kantuz, Euskara,

Lanoz lano gaiten biak amets eta kar aira...

 

Aspaldian nindagokan minez eta auhenez,

Zoin haizen hi xoragarri erakutsi beharrez.

Nigar-pertsuz nindagokan behar ote hintzenez

Laster izan iretsia jaun hintuzkan erdarez.

 

Bainan hala bahagola mintzo jaunen artean,

Jakintsuek ezarria jende-menden gainean.

Ur-oldeak, etor beite erdal-oldar gaitzean:

Euskal-sua ez duk hilen gure euskal-lurrean.

 

Dena xingol eta xilintx haugi egun, Euskara,

Hire gazten jauzi eta itzuliken artera.

 

Zenbat jende, zenbat mende ikusi duk, Euskara;

Zenbat ezpain lurperatzen, bai-ta zenbat erdara...

Galdu diagu euskal-jendek lehengoen indarra;

Bainan hor haiz, hi hor beti eta egun zoin gora!

 

Berritz ere deneri haiz nausituko Euskara,

Erromano ta Moroen garraitzale suharra.

Euskal-gazte hain histuak, dantzan-mantzan atera:

Huna Euskal-ospearen guk amestu goiz hura.

 

                            * * *

 

Bai, bizi haiz ta biziko, denen gatik, Euskara,

Euskal-hitzak helaraziz Goikoaren Mintzora...

Bai, bizi haiz ta biziko betiere, Euskara,

Munduz mundu kar ixuriz mendieri behera...

 

3-12-48

 

aurrekoa hurrengoa