www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

ENE MAITE, ENE HAURRA...

 

                Ama zenaren partez

                Apezgai bati.

 

Ene maite, ene haurra, ene haurretan maitena

Jainko onak saindutzailen esku dorpetan emana,

Aspaldian entzuna dut zure lurreko auhena.

 

«Ama, ama!» zure deia bi Amek entzun orduko

Hor gaitutzu dena bihotz, biak hor dena behako,

Zure barne dolutsurat, ixilik irriz aitzeko.

 

Zeruan naiz, bai zeruan sekulan baino amago,

Zure bihotz nahasian Jainkoarekin bainago

Orai naizen biziari sor zaiten beti geiago.

 

Zeruan naiz, bai zeruan egiazko Bizian

Jainko alde zerabiltzan bihotz-barneko grazian,

Nola zaren ontzen ari ikusten baitut lorian.

 

Zeruan naiz, bai zeruan Jaunaren lagun egina

Nik dut maitez mintzarazten moldatzailen ezpaina

Egun batez egin zaiten biek amesten duguna.

 

Zeruan naiz, ez haatik oso-osoki zeruan

Ez osoki Jainko onak enetzat nahi lekuan

Zeru hura, Jesus Jauna, ez deno zure eskuan,

Ene apez, ene haurra, ene haurretan maitena.

 

4-3-54

 

aurrekoa hurrengoa