www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

TTUL

 

        Irriñoka omen zagon igandean Ttulaineko nausi gaztea, Nanez: «Ai! ei! ederrak entzun ditik Xarrapok...»

        Soldadogoan, «Ttul» eman zioten lagunek izena. Aintzindari bat ikus orduko, haren daldarak!...; zeruko «Nausi xaharraz» aldiz axola guti... ez zuen-eta Hura ikusten...

        Alo! ditaken gizonik prestuena, gaizoena eta... ttulena... Burua sagar bat bezein biribil, dena irri, agur eta ukurtze: ez omen daki ere zer den hasarretzea... «Bakea! bakea! ez da holakorik.»

        Badaki arto-jorran, bainan bere haurren jaidura tzarren jorratzen, ez. Badaki auzoko aziendetarik etxeko landen begiratzen; bainan kazeta tzar eta gal-bidetarik etxekoen begiratzen, ez. Badaki «superki» lur-lantzen eta politi-molitikerian, bainan Sinestearen alde jartzen, ez.

        Zer nahuzue! ez daki hasarretzen, ez omen da ere hasarretu behar...

        Ai, Nanez Ttul!!!

 

* * *

 

        Ez, ez da egia. Hasarretu behar da. Hasarretu behar denean eta behar den heinean; hasarretu: gaizkiaren hastioz, bainan beti gaizki-egilearen amodioz.

        Hasarrea gauza saindua. Jainkoaren Beldurrak pizten eta hazten duenean.

        Ttul-ek ez du Jainkoaren beldurrik, nundik lakike haserretzen?

        Bertze guzien beldur da, nundik luke asaldatzeko kalipurik? Ttulek ttulakeri. Zuek, izan zaitezte gizon!

        Xarrapori errana, maita gaizki-egileak, bainan ez maita gaizkia, hastia azkarki gaizkia.

        Hasarre gorrian eman zaitezte haren zuen baitarik kentzeko, haren bertzetarik urruntzeko.

        Xuti eta, kopeta gora, egon ezkaratzeko ate-aintzinean. Xuti eta zain euskal-etxeak ifernu-indar eta haize galgarri guzietarik.

        Zuen semea mandrentzen hasten bazaitzue; Galtxagorri zurrutaka iretsirik, andarka sartzen ikusten baduzue:

        ez has Ttul bezala irriñoka, ez jakinez hasarretzen... eta ez utz bi biak ttulki etxeratzen...

        ez has ere Xarrapo bezala semea aztaparkatzen, bipiltzen, hastiatzen... eta ez igor bi biak etxetik kanpo...

        har aldiz Galtxagorri adarretarik eta, hasarrerik gorrienean, zafraka zazue, xehaka eta, porroxkaturik, besainka igor erreka-zilorat... Gero... har semea, seme mandren tristea, eta... basarka zazue!

 

17-2-49

 

aurrekoa hurrengoa