www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

XARRAPO

 

        Ez duzuela ezagutzen Minddulin-bordako Xarrapo?

        Alta, ikusia dukezue, ba... Bide guzietan dabila: gapelua trebes, sudurra zimur, medeak bezalako keinu bat ezpainetan.

        Bere makilarekin dabila bide-bazterretako loreeri zafraka.

        Hautsa bezein hitsa du begia eta begi ilunari oro ilun...

        «Ba, ba, jende gixakoak dituk; bainan, haatik, hek ere... Ba, ba, besta ederra zukan, bainan bahindaki... Ba, ba, ederki egina duk, bainan...»

        Eta beti «bainan» eta «bainan». Beti itzal gose eta zarrapo emaile...

        Ai! zenbat minddulin eta xarrapo den bazterretan... Berak ilun eta denen iluntzen ari...

 

* * *

 

        Zu, adixkide, ez bazka ilunbez.

        Izan begia garbi, begia argi; eta beha begi indar guziez: Jainkoak bizi huntan ereini eder eta gozoeri.

        Ez iker bertzen barnea. Ez aipa auzokoen itzalak.

        Bila ilunbetan izar-ñirñirak. Aurki bertzen hobenetan xede onak, bertzen makurretan estakuruak.

        Beha etsaieri beren begien soarekin: «Heiek jasan dutena, jasan banu, zer eginen nuen? Hek bezein gaizki ikasia izan banintz, zer bilakatuko nintzen?»

        Zer nahi erranka hasi gabe, so egin zure buruari eta orroit, duzun on pixka hori, noren Odolari zor diozun.

        Ez egon burua xut jendeen neurtzen: hoinbertze grazia izan-eta, hoin saindu trixtea baitzare.

        Ez ar gaizki dabiltzaneri harrika; berma, heier ongi eginez heien ontzerat. Ongi ibil heien argitzeko, otoitz egin heien Jainkoratzeko, paira heien amodioz...

        Bai, maita-zkitzue gaizki-egileak: Jainkoaren odolaz bustiak dituzte hezur guziak, eta heien maitez hil da Jesu-Kristo.

        Maita-zkitzue gaizki-egileak: maite ditu-eta Jainkoak badago gau-egun heien begira...

        Maita-zkitzue; hain ditutzue zuen amodioaz ontzen ahal, hain ditutzue saindu handi egiten ahal!...

        Oi, bizitze hunen ederra! Eskerrak Zuri, Jauna, bizia eman baitaukuzu. Eskerrak Zuri hainbertze gaixtagin eta hobendun jasaiten baititutzu bazterretan. Eskerrak Zuri bihotz bat eman baitaukuzu, bihotz bat heien jasaiteko, heien maitatzeko, heien Jainkoratzeko.

        Bide hoitan Mindddulin-bordako Xarrapo ikusten baduzue, hari ere ez eman zarraporik, bainan bai baso bat arno eta arnoan... xortaño hau.

 

3-3-49

 

aurrekoa hurrengoa