www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

URREZKO AKERRA

 

        Lehengoek nor zuten Jainko? Ortzi? Eki? ala Urrezko Akerra?

        Eta oraikoek?...

 

        Jesus Jaun odoltsua dute omen oraikoek Jainko.

        Hola diote; bainan ez ote dire frango Urrezko Akerraren denboretan bezalatsu bizi?

        Diruz ezin aseak dabiltzanean,

        jende, bihotz, sineste eta oro, urrearen mutil ezartzen dituztenean,

        nor dute ohoratzen?

        Elgarren etsai, dena adar daudenean,

        abereak bezein itsutuki, egarriak ta gozo-nahiak ereman alde, eginbideak zangopilatuz doatzinean,

        nor dute ohoratzen?

 

        Urrezko Akerra aker... Haren ohoratzeko, haren otoizteko ez zuten jendek gizonki bizitze beharrik. Akerra abete, alainan! Bainan Jesus Jauna?

        Haren otoiztean ez zuten «egin bedi zure nahia» erraite beharrik.

        Akerraren nahia ez zen, alainan, osoki ona. Bainan Jesus Jauna!

        Lehengoek hau zioketen:

 

                «Aker-aker akerra

                Urrezko Aker ederra,

                Kili-kiler, haugi laster

                Dugun kilika hire bixarra.

                Aker-aker ederra

                Kili-kiler, hiri esker

                Jar beite oro ene nahier.»

 

        Oraikoek aldiz, heien otoitza otoitz balinbada segurik, eta heien Jainkoa Jesus Jaun amultsua,

        oraikoek hau diote.

        Egin bedi zure Nahia» .

 

8-7-48

aurrekoa hurrengoa