www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

Errak, Pilale

 

SAKELAN

 

        «Zer duk sakelan?

        — Sakelan? Mokanesa, kanieta eta moltsa.

        — Bertzerik ez?... Eta... ilunbez eta atsegabez betetzen bazaik arima, zerekin diok «mukia» kenduko?

        — ?!

        — Bertzalde debrua trumilka heldu bazaik, jaidura tzar guziak jauz-araziz, zerekin duk geldi-araziko? zerekin garraituko? Kanietarekin ote??? Dena izpiritu duk eta irri-karkailan ariko zaiotek hire kanieta-ukaldieri...

        »Eta herioa aztaparka lotzen bazaik, zeruko ateraino herrestaka joaten bahau, zerekin duk hango atea idekiko, zerekin han sartzea ardietsio? moltsarekin? Ai! ai!

        — Zer dut ba eskas?

        — Arrosarioak, mutikoa. Etxeko zoko-moko guziak mia-zkik, hail saltegiz-saltegi, huts-zak hire moltsaño hori, ez izan bakerik arrosario pare bat sakelan izan arte. Eta aldatuko haizenean, ez utz igandetako galtzetan... Ez egin urratsik arrosarioak sakelan izan gabe, eta, gauaz ere, emazkik buhurdi azpian.

        — Otoitz-marmarikan ari beharko ote dut ba, gau eta egun?

        — Ez; bainan behar orduko hor izanen duk, eskuko izanen duk arimako zikinaren kentzekoa, debruaren garraitzekoa eta zeruetan sartzekoa.

        »Oren beltzetan, arrosarioen unkitzeak berak azkartzen dik, pizten dik barnea; eta «Agur-Marien» xaramela horrek zoin laster ohiltzen debrua eta zoin aise, bihotzez bederen, zeruraino hel-arazten...

        »Beraz, Pilale, egun batez soldado joaten bahaiz edo Ameriketarat abiatzen, ez ahantz hire mokanesa jendetasun piska bat dukala erakusteko, ez ahantz hire kanieta denen beharra badukek urrungo leihor hoitan; ez ahantz ere hire moltsa, sosik gabe ez baituk urrats handirik eginen ahalko atz-herri hoitan;

        »Bainan guziz, ez ahantz, amaren bihotza bezein balios ta baliosago dukan laugarren gauza hura.»

 

        Aita Txi.

 

13-10-49

 

aurrekoa hurrengoa