www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

EZKONTZA

 

        Jesu-Kristo eta Eliza bezala.

 

        Amodioz dena zauri, Kurutzetik dilindan zagon eta sahetsetik, ur eta odol zariola, sortu zaio Eliza.

        Jainko Jaunak lokar-arazi zuen gizona eta sahetseko hezur batekin moldatu zion emaztea: «Ez du on gizonak bakarrik egoitea; egin dezogun bera iduriko lagun bat.»

 

        Eliza saindua maitatu du Jesusek, hiltzeraino eta odolez husteraino.

        Gizonak ere bere lagunaren maitez utziko ditu aitamak eta biak bat izanen dire: hainbertzetaraino bat, nun ez baitezakete elgar maitatu gabe, Jainkoa maita.

 

        Zeruan izar bezenbat haur emaiten diozka Jesusen graziak Elizari.

        Elgar maitatzearen bortxaz Jainkoaren bihotz-bihotzeraino dire senar-emazteak heltzen eta beren haurren iri ta besarkez loriatzen...

 

        Jainkoak josia ez dezala gizonak trenka; Jesu-Kristok eta Elizak, gizonak eta emazteak, lehen maitatze hartan bezala, eman dezatela elgarri, gero ta geiago eman: elgar maitatuz grazia.

 

        «Ezkontza: Misterio handia!» dio Jandoni Paulok.

        Beha biak elgarri eta, zerbeit lano balitz zuen soen artean, zoazte mahain saindurat, zoazte Jesus eta Elizaren arteko amodio-haragi horren jaterat.

 

        Eta hi, gazte, irri zororik ez egin: zeru-xortaño hau klikaturik, har xedea lanean eta borrokan aitzeko.

        Hogoi ta zenbeit urtez Jan egin dik ixil-ixila Jesu-Kristok; eta berrogoi gau-egunez basa-mortuan borroka, Elizarekilakoa hasi gabe.

        Ar lanean, ar borrokan:

        Ikas maitatzen, kurutzeraino maitatzen...

        Ezkontza: Misterio handia!

 

aurrekoa hurrengoa