www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

XORATURIK EGON ZEN...

 

Xoraturik egon zen Jaun Zerukoa

Moldatu zuenean gizon-bihotza.

Xoraturik egon zen Jaun Zerukoa,

Hain baitzen Jainkozkoa gizon bihotza:

Barnean eman zion Amodioa.

 

Lohi piskaño hori pilpilkan ari,

Amodioz pilpilkan Jauna iduri...

Xoraturik egon zen Jaun Zerukoa:

Hura zuen munduan Errege jarri

Maitatuz egin zadin Jauna iduri.

 

Bihotz bat egin zuen eta bihotz bi

Amodioz jos ziten bat bertzeari.

Xoraturik egon zen Jaun Zerukoa:

Bihotzak amodioz josiz elgarri

Egin zituen Jaunak bihotz-iturri.

 

Bera bihotz egin zen Jaun Zerukoa

Bihotzetan hil baitzen Amodioa.

Bera bihotz egin zen Jaun Zerukoa

Haragi hezurretan —Misterioa!—

Berritz sar-arazteko Amodioa.

 

Bihotzetan zen bihotz garbienari

Jainko bihotza nozbeit zitzaioan jali.

Bera bihotz egin zen Jaun Zerukoa

Eta gizon-bihotzak hari jazarri,

Hari oldartu eta odol ezarri.

 

Amodioz hustu da odolez hustu:

Hitzaileen bihotzak ondatu ditu.

Amodioz hustu da Jaun Zerukoa

Azken xortekin zaio Eliza sortu,

Mundurat Amodio hedatzen baitu.

 

                  * * *

 

Xoraturik egon zen Jaun Zerukoa

Moldatu zuenean gizon bihotza.

Bera bihotz egin zen Jaun Zerukoa

Ea noiz eta nola gurekin mintza...

Oi gizonen arteko Jainko-Bihotza!

 

...-52

 

aurrekoa hurrengoa