www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMEKA POTTOKA

 

        «Kamelutan urrundik jinak, hiru gira...»

        Guk ez dugu kamelurik... eta halere aurkitu behar Jesus: ezin-sendatu minen sendagailua, nahas-mahasi bihotzen bake gozoa, osoki galduen zeruratzailea...

        Guk ez dugu kamelurik... eta zerurako bidea, bide luze ta nekea, bide patar ta trabez betea... Hiru etsai, hiru traba handi baititugu: mundua, debrua eta gu... Hiruak handi, hirugarrena handiena.

        Guk ez dugu kamelurik... bainan baditugu hameka pottoka... bai, hameka pottoka barnean...

        Maizenik uzten ditugu zoin bere alde joaterat; eta hameka aldetarat tirabirakatzen daukute gure barne gaizoa, tirabirakatzen, nahasten, ahultzen... eta indarrik gabe gaude, bideko trabak ezin gaindituz...

        Ai! emaiten baginiote nahikundea hameker gidari eta nahikundeari Jesus Jauna hel-buru...

        Jesusen aurkitzea, bizi huntako egitekorik beharrena, egiteko bakarra: bake, ontasun ala zorion bila ari garenean, Jesusen itzal batzuen ondotik baigabiltza...

        Beraz bil ditzagun gure barneko indar guziak, hez ditzagun ta Jesusen ganat ibilaraz gure hameka pottokak.

        Amodio indarrari (barneko pottoketan zaintsuen horri) emogun begi-ñiñikoan: Jesus.

        Gure herra-indarrari emogun bazkatzat: Jesusen etsaia, Jesusen hiltzailea, bekatua. Gutiziari: Jesus iduri bilakatzeko egarria. Trixtatze-indarrari: urrikia eta Jesusen minak. Esperantzari: Jesus den zerua.

        Etsitzeari berritz (barneko pottoketan itxuxien horri): Jesusez kanpoko ezdeuskerien erdeinua. Beldurrari: Jesus ukatzailen ifernua. Hasarreari: Jesus kentzen duen gaizkia. Ausartziari: Jesusen ganako trabak.

        Eta... zirt-eta-zart goazen azotea eskuan, grazia bihotzean; goazen gure hameka pottoken berrogoita-lau zangoz, takata-takata, Jesusen aurkitzerat...

 

20-1-49

 

aurrekoa hurrengoa