www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEZA

 

        Meza: oren-erdi bat aho-zabalka...?

        Meza: oren-erdi bat elizan iragana, ertoraren eta etxekoen ganik bakea izaiteko?

        Meza: oren-erdi bat Jainkoari xuhurki emana, zer gerta ere, haren eztitzeko... ?

 

        Meza... Galda zer den Meza, eskuak daldaran, lehen aldikotz aldareraino doatzin aurtengo apez berrieri.

        Meza: otoitz handia. Meza: Jesu-Kristo, Jesu-Kristo Golgota-mendian eta gure dei ta eskerren Jaun Goikoratzeko hel-bide bakarra.

        Meza: oren-erdi bateko Jainko-bihotzaren hurrupatze bat...; hurrupatze bat urrats eta lanetan, bozkario eta minetan obratzen ta osatzen dena. Mezak egun guzia du irauten, aste guzia eta bizi guzia.

 

        Meza: oren-erdi bateko zeruaren gozatze bat... Eta Zerua: betiereko Meza-nausi bat.

        Meza: mundu zabalaren eta diren guzien funtsa.

        Zer da ba Meza? Zer da? Ororen ofertorioan eskaintzea, oraren kontsekrazionean saindutzea, eta ororen Komunionean Jainkoratzea.

        Eta mundua zer da? Jainko eta gizonen obra: istan guziz, mende guziz eskaini behar duguna, fedearen indarraz saindutu behar duguna eta, herio guziak gaindituz, Jainkoratu behar duguna.

        Zer da bizia, zer da mundua, zer dire oro? Meza!

        Eta Meza ez badire: deus.

 

1-7-48

 

aurrekoa hurrengoa