www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

KLIXK

 

        Jauzi bat, jauzi bi, tarrapat eta... Klixk. Gaizo kukusoa!...

        Hoitarik guti aurten; bainan erne dire ta zalu...

        Jauzi bat, jauzi, bi, tarrapat eta... Klixk.

        Horiek bezenbat ote gare Jainkoaren begietan? Zoin aise letzazken Jainko Jaun betierekoak klixka bekatu-egilen zorro handi hoik eta buru ozarki altxatu hoik...

        Jainkoak ez du nehor klixkatzen: ikusten du, ongirat deitzen eta igurikatzen...

        Guretzat kukusoa deus eta deus baino gutiago. Jainkoarentzat gizona mundu zabalaren zabala baino geiago;

        nahiago bailuke mundu guzia ezeztatu, gizona bortxaz «ba edo ez» erraiterat bortxatu baino.

        Ai! Jainkoak bezein haundi balauka gizonak gizona...

        — Zorigaitz: gizona sos egiteko tresna bat daukateneri!

        Jainkoaren odolak bezenbat baitu gizonak balio.

        — Zorigaitz: sortzen hasia baizik ez delakotz, edo oste handi batean galdua delakotz, gizona gizon ez daukatenari!

        — Zorigaitz: ttiki izanik ere, gizona gaizkiratzen duteneri! hobe lukete holakoek, harroka bat lepotik dilindan, itsaspean itoak izanik.

        — Zorigaitz!...

        ... jauzi bat, jauzi bi, tarrapat eta... Klixk.

 

26-8-48

 

aurrekoa hurrengoa