www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

Zeru-xorta

 

ENE BEKATUAK

 

        Maite ditut —hastio ere haatik!— maite ditut ene bekatuak, azkarkiago otoitz, dei eta auhen egin-arazten baitautet zerurat.

        Senti-arazten dautet lohitsuen, etsituen eta hobenetan ito guzien anaia naizela; eta ene anai dohakaben bekatu itsasotik, nihau galdua, nihau itoa, guzien minaren minez oihuak badoazkit barnetik, oihuak, deiak, otoitzak: ez nik pentsatuak, ez nik auhenkatuak, bainan hezurretan dagokigun Kristoren Gogoak.

        Maite ditut ene bekatuak, ene deuseraino jauts-araziz unkirazten baitautet Jainkoa: Jainkoa eta haren amodioa ene bekatuetan, ene bekatu barkatuetan.

 

        Garizuma... Egun nigartsu, egun gozoak.

        Hain da gozo bekatuez nigar egitea, Jainko odoltsuarekin nigar, gizon kopeta eder hoikien zimur ilunez, zimur ahalgegarriez.

        Euskal-kopetak, lurrerat makurtuak, herio bidetako hauts eta errautsek belztuak, beha eta argi zaizte bai argi; beha zuen bekatuetan, zuen ez deusean, Jainko bihotzaren pilpira horri.

        Garizuma... Egun nigartsu, egun gozo, egun argitzaileak!

 

6-6-47

 

aurrekoa hurrengoa