www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKAL-HERRIA

 

        Ez ote da betiereko Euskal-Herririk izanen betiereko Bertze Munduan?...

        Har liburu sainduak, sar barne barneraino Sinestearen argian, eta beha...

        — diren guziak, euskal-lurrak eta oro auhenez daude, euskaldun Jainko-semeen Goizaren begira... (Erm. VIII).

        — piztu behar guzien aintzindari, hiletarik piztu da Jesu-Kristo... eta euskal-lurrari ere euskal-hezurrak xutituko zaizkio ta Zeru-Lur berrietarat iganen (1 Kor. XV — Ap. XXI).

        — hastapenean ez zen Jainko-Hitza baizik, Hura da izaite eta eder guzien iturri ta hel-burua... Eta beraz ez dugu behar Jainkoratzeko euskaldungoa ukatu, bainan bai begiratu eta goraltxatu (Jn. I — Kol. I).

        — erosi gaitu Jainko Jaunak bere odolaz: gizalde guzietakoak, mintzaira guzietakoak, mundu-bazter guzietakoak: eta gu orotarik egin du betiko Erresuma bat bakar eta zabala;

        Erresuma hori: jende guzien Herria eta bokatxarena; hartaratzean ez baita bakotxaren izaitea ezeztatua, bainan neurririk gabe zabaldua ta Jainkoztatua. (Ap. V).

        Beraz:

        oro begiraturik ere, sinestea galtzen badugu: akabo Euskal-Herria;

        sinestea begiratzen badugu eta hedatzen:

        — harek du azkarkienik, nola gatzak haragia, oso atxikiren mundu huntako Euskal-Herria.

        — harek du errauts-petik, nola hazitik landarea, betiereko Bertze Munduan pitz-araziko betiereko Euskal-Herria.

 

22-7-48

 

aurrekoa hurrengoa