www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZER GIZONAK!

 

Dena begi zagon mutiko bat nintzen...

Orroit naiz eguerdi batez, Atharratzen,

Gizon horiek ikusirik, aditurik, miretsirik:

Zer gizonak!...

Argi-zabaltzerik ez da hain argi eta su,

Ez itsaso uhainik hain tiraintsu,

Ez eta euskal-mendirik hain gorarik,

Nola baitziren gizon horiek... gizon!

Ikusten ditut oraino xutitzen,

Mintzatzen, kantatzen

Aitzol, Eizagirre eta Monzon.

 

Ikusten ditut heien behakoak,

Aditzen heien mintzoak, heien kantu beroak.

Aitzol! barneko suak jana,

Euskal-arimari osoki emana.

Aitzol eta Eizagirre,

Besoak zabal ta bihotzak zenbatez zabalagoak.

Mendiz hunaindiko jendeari

Oihuz eta kantuz ari.

Aitzol, Eizagirre eta Monzon

Euskal-gazten argi, euskal-lurreko arimadun lore hura,

Guri oihuka, otoizka, deiadarka:

Herriari pilpira, Herriari Euskara

Indar guzi-guziez ginezon

Atxik eta begira.

 

Zer gizon bihotzdunak!

Zer gizonak!

 

Mutiko bat nintzen:

Buru guti nuen, ausarki bihotz...

Ilundu arte, entzun-ta-behaka, egon nintzaioten;

Eta bihotza, egun kartsu hartan,

Barne-barneraino zitzaitan

Euskal-suz bete behin betikotz.

 

Bete bai eta laster... eritu...

Gizon horiek asmatu euskal-Amets beroa,

Gizon horiek altxatu paregabeko Gazteria,

Gizon horiek eraiki Euskal-Herri berria

Gerlak bet-betan baitu

Nahasi eta erraustu...

Oi, gerlaren eta herraren dantza-zirimolen orroa!...

 

Iragan dire iragan

Trumilka, orroka eta xehaka

Mendi zelai dohatsu hoitan

Herra eta Gerla begi-gorria,

Herra bere su beltza aztaparretan

Eta Gerla denen errausle ikaragarria.

Iragan dire iragan

Hil-dantza errabian

Eta kantuz ta irrintzinaka zabaldu agoak

Euskaldun gazte lerdenen agoak,

Lur odoltsuan, errauts gorrian,

Etzan ditu, barneko hatsez hustu

Herra ta gerlaren izigarriko fandangoak.

Iragan dire iragan

Eta euskal-errautsen artetik

Euskal-odolaren ke-lanotik

Ikusi ditut hain gizon ziren gizon horiek,

Atsegabek, bihotzminek, kurutze-besarka odoltsuek

Gizon baino gizonago, handiago, ederrago eginak...

Zer gizonak!

 

Iragan dire, egun beltzak iragan

Eta egun horien lazgarriko trumilak

Ez ditu eihartu heien neurrigabeko bihotzak,

Ez eta histu, ez eta hoztu heien su eta amets zabalak.

Ikusi dut Aitzol fraiden artean ameska...

Eta joan da, bere gazteen azken hil-deiak entzunik;

Joan da eta hil... heien odolean bere odola emanik,

Euskal-errautsean bertzen amodioz auhenkatuz: Barka!

 

Ikusi dut ere

Zorigaitz-aizeak Herritik kanpo ufatu

Mundu zabal guzirat barreatu

Gernikako Haitz bipilduaren ostoen artean,

Ikusi dut Eizagirre.

Euskal-zorigaitzak, atsegabeak eta herioa

Iragan zitzaizkon barne-barnean;

Halere... agurka eman dauzkit lehen bezala

Bere beso zabalak, bere irri zabala

Eta bere bihotz zenbatez zabalagoa!

Ikusi dut eta, Herritik kanpo, hil da ixil-ixila,

Hiltzeraino eraikiz ondokoen Euskal-Herriaren Geroa.

 

Ikusi dut, Lapurtar besta batean, Monzon,

Hauts beltzen artetik doan arimadun sugarra,

Galerna ihurzurien ondoko ortz-adarra,

Herio-musuak, Jainko-besarkak zerutu gizona iduri.

Bazkari eta kantuen artean zagon,

Urrunerat so, gogoetan ari...

Ikusi dut Monzon...

«Zeri pentsa zaude, zer duzu gogoan?

— Hamar mila ziren, hamar mila gazte

Loiolako etx-ainzinean, oso garbi ta dena sineste.

Jainkoa zuten bihotzean, haren argia behakoan:

Bake-gizon ziren, bortxaz... gerla-gizon...»

 

Agur zueri, Aitzol, Eizagirre eta Monzon!

Zuen Ametsa, zuen Sua ez da histuren,

Zuen Euskal-Herria, Euskal-Herri berria ez da hilen.

Zu hil-aintzin, Aitzol, bai, hiltzen zagon,

Bainan orai zainetan, harroka-hezurretan sartu dio

Zure eta gazteen odolak

Euskal-su, eskual-amodio,

Lurraren bularretik hartaz baitire haziko

Gure zelai-mendietan hemendik goiti sortu beharrak.

Zuen hiltzeari esker, bizi da bizi behin-betiko.

Zuen barkamendu nasaiari esker, akabo herrak,

Akabo Euskal-semeen arteko arrozkeri eta gerlak.

 

                            * * *

 

Zato, Monzon, zato Olhetako larretarik zaldiz,

Joan-egunez eta gerokoez mintza gaiten.

Igan, zu eta Aitzol bakez-egarri jin zinezten

Malda saindu eta ixil huntara.

Zato eta igan, Orhi, Larrun ta Jaizkibel ikusiz,

Gauden elgarrekin euskal-arimari begira.

Igan, sar dakizkigun euskal-bazterren gozoa,

Mendi-harroken indarra eta itsas-orroa,

Zeru-zolaren zabala eta oihan-intzirekin aize-hegoa.

Igan, begiak lano, gain huntakoak kantari,

Sar dakizkigun euskal-lurpean etzan guzien hatsak

Eta, odoltsu erori, gazte-behako guzien ametsak.

Igan, igan, Monzon,

Mundu zabaleko euskal-jendeari

Oihuka gauzkion:

 

«Ihes-bidetan, bortxaz eta ilun, Herritik urrunduak,

Xuti, altxa burua, utz auhen eta doluak.

Gerlak zaurtu, gerlak errausperatu Euskaldungoa,

Odolean ta nigar-errekan iragan-eta,

Garbiturik, barnaturik, zabaldurik baitoa...

Xuti, altxa burua, jauz-egin, Herriari buruz kanta!

Ihes-bidetan, diru bidetan, Jainko-bidetan,

Mundu-bide orotan joan euskal-semeak,

Ez uka, bainan ixur, heda, erein, haurren ta elgarren baitan,

Zainetan dabilkizuen euskal-amodioa,

Bat dagon, muga ororen gainetik ere, euskal-jende osoa.

 

Herriko eta kanpoko euskalzaleak,

Maita, funski maita;

Eta ez, bakarrik, euskalki josta, euskalki zurruta.

Maita; eta ez jasan ez neurririk, ez mugarik, ez itzalik.

Maita, bihotza mundua bezein, Jainkoa bezein zabalik.

(Euskal-seme bakotxak bi Herri dituela:

Euskal-Herria eta mundu zabala.)

Maita eta ibil, izarrez goitikoari so,

Erresumatzez ta hilkeri guziez ezaxol, bainan Euskaldun.

Ibil mendez-mende, ibil itsasoz-itsaso,

Mundu guzikoen anai eta Jaun Goikoa lagun.

 

Ibil eta noizbeit, maitatzearen bortxaz,

Euskaldungoaren zabaltzearen zabaltzeaz,

Sartuko zaizte, sartuko gare, irrintzinaka ta kantuz

Mundu-bazter guzietarik goiko euskal-xokoan.

Sartuko, ilunbe ta herio guziak gaindituz,

Hemen maitatu euskal-itzaletarik izaite egiazkoan:

Zeruetan den Mundu berriko Euskal-Herri betierekoan.

Sartuko eta iganen, osteka, ibaika, uhainka;

Aitzol, Eizagirre, Monzon eta oro

Elgarri besarka, elgarri goreska;

Oro dohatsu, oro kantuz ta kantuz,

Osteka, ibaika, uhainka, irrintzinaka

Iguzkien iguzki den Jainko-Gizonari buruz.

 

Iganen, bai, iganen lanoz-lano, lerro-lerro;

Eta..., zeruetako ate-bazterretan bildurik,

Ukurturik, harriturik,

Aingeruek —nik uste—

Igaiten adituz euskal-bihotz, kantu eta irrintzinak.

Elgarri erranen dute:

«Zer gizonak!!»

 

12-9-49

 

aurrekoa hurrengoa