www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

KARKAIL

 

                Gaitzeko tripako-mina bildu dik Galtxagorrik

                Irri-karkail ta karkailez soberasko aserik.

                Adar punter hazka zautzik debruak penaturik,

                Tripako min bildu baitik Errege Galtxagorrik.

 

                «Ai, ai, ziok Galtxagorrik, predika zak, fraidea...

                — Irri-karkail ta karkailez ene irriz asea!

                Aztaparretan daukaiat Euskaldun artaldea,

                Hetan nausi baituk nausi elgarren ahalgea.»

 

        Elgarren ahalgea!

        Ahalge zozo eta ifernuratzailea!

        Ez beha bertzeri. Ez ibil, ardiak bezala, tilin-tilin bertzen ondotik.

        Jakin zak egin behar dukana; eta egin zak.

        Jakin zak Jesu-Kristok ziona:

        «Ez baduzue nere haragia jaten eta nere odola edaten, ez duzue zuen baitan bizia izanen. Nere haragia jaten eta nere odola edaten duenak badauka betiereko bizia: eta hiletarik piztuko dut nik azken egunean.»

        Jakin zak, sinets-zak; eta egin zak sinesten dukana.

        Ez beha bertzeri. Ez ibil tilin-tilin.

        Eta ez ahalga aho-handien trufez; ez ahalga irri-karkailez; gizon bahiz, ez ahalga:

        Sarri trufak ixilduko dituk eta irri-karkailak sartuko.

        Sarri aho-handi guziak hauts eta errauts izanen dituk.

        Sarri, hartaz ahalgetu direnez, ahalgetuko duk Jesu-Kristo.

        Sarri, Euskaldun jendea burua gora zeruratzean, bertze tripako minik bilduko dik Galtxagorrik...

 

19-2-48

 

aurrekoa hurrengoa