www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

OSOLENHAUSKARIA

 

        Ikusi bazinute ganden egunean jakintsu xahar haren begitartea! Ez zauken bozkarioz ta zoratzez: «Asmatua dut "bombe atomique" famatuaren euskal-izena...»

        Zer bozkario ta zoratzea zuketen ba, bonba hura bera asmatu duten jakintsuek! Zer bozkarioa hiru hogoi mila Japones ixtant batez erraustu dituztenek, igorriz lehen OSOLENHAUSKARIA... (hau hitza!...)

        Jainkoak egin gaitu dohatsu, gizonek dohakabe.

        Xeha, erraust, ezezta... horra fedegabeen errabia! Jainkoaren nahia hastio dute, Jainkoak derabiltza oro, gaizki egina daukate mundua.

        Guk, fededunek, ongi egina daukagu: gure Jainkoa da-eta haren egilea;

        Ezin hobeki egina: Jesu-Kristo da-eta haren Salbatzaile eta Erregea.

        Gaizkiak badire munduan, minak, zorigaitzak, itsuskeriak; bainan badugu gaitz guzien zartarazteko, errausteko, ezeztatzeko OSOLENHAUSKERIA: Fedea.

        Xeha ditzatela bazter guziak, xehaka ditzatela gure haragi hezurrak...

        Fedea nausi da. Fedeak hauts eta errauts guzietarik jalgiaraziko du «zorionezko mundu berria».

 

10-4-47

 

aurrekoa hurrengoa