www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Argiz argi
Xabier Iratzeder
1947 -1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

HASTIO HAUT!

 

        Nork erran du ez dela herrarik behar bihotzean?

        Ai! Ez nauke herraz, ez nauke tu egin beharrez...

        Behazue ba nola dabilan ixilka eta herrestan, nola den orotan sartzen, nola dituen oro biziz ta zeruz husten, nola duen orori erran-araazten: «Ez, ez eta ez!»

        «Ez!» elgarri. Eta kataskak hasten dire, etxeak nahasten, herriak gerla-intzirez eta odol-ixurtzez ondatzen.

        «Ez!» nausieri. Eta ukamiloa gora, orroaz ta osteka asaldatzen dire langileak.

        «Ez!» azpikoeri. Eta diruz hanpatuek lehertzen dituzte dohakabeak, jatekoz aseek dantza egiten dute ezindu gaixoen hezurren gainean.

        «Ez!» biziari. Eta haurrak mila ta milaka sortu gabe egoiten dire...

        «Ez!» amodioari.

        «Ez!» guzieri. Eta bihotzak ihartzen dire, etxeak errekarat joaiten, arimak ifernurat.

 

        Hastio haut bai, hastio! Ez naukek hire herraz; ez naukek, hik ixur-arazi nigar ta odolen itsas-indarrekin, hiri tu egin beharrez.

        Ez duk, «ez» erran-arazte hortaz, bertze izaiterik; eta hitan sinetsi duteneri ez zaiotek deus gelditzen, baizik-eta: urriki, zorigaitz eta herio...

        Ez duk izaiterik bainan hik duk, «ez» erran-araziz, hik duk mundua nahasten, hik zorigaitzen herioa hedatzen, hik jaunaren bihotza zaurtu ta odolez hustu...

        Hik diok traba egiten Jainkoari eta Jainkoaren bizi, zorion eta bakeari...

        Hastio haut, bekatua.

 

24-2-48

 

aurrekoa hurrengoa