www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asti-orduetako bertsozko lanak
Felipe Arrese Beitia
1902

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asti-orduetako bertsozko lanak, Felipe Arres ta Beitia. José Astuy-ren moldiztegia, 1902.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Joan-etorri bat Gernikara

 

Gaztezaroan neukan aldian

Alegera biotza,

Txairoagoa barriz gaur baño

Bideetarako gorputza;

Joan etorri arin bat neban

Nik egin Gernikaruntza,

Eta gaur kantau nai neuke zelan

Ibilli nintzan aruntza.

 

Basorik baso Solluben zear

Jatsiaz beruntz niñoian,

Mendiak berde nekutsazala

Itxas urdiña aurrean;

Etxalde zuri asko or emen

Gorderik zugatz artean,

Non bizi ziran len bizkaitarrak

Aukera bete betean.

 

Bagilla zan da, zugatz guztiak

Egozan orriz jantziak

Perlaz legetxe loreagotu

Eginda lora guztiak;

Inontz gozoak eukazalako

Txipristiñakaz bustiak,

Gari buruak mardo egozan,

Artoak sendo jagiak.

 

Astiro bera jatsi nintzan da

Lauan banoa aurrera,

Zoratuagaz begiratzean

Alde bat zeiñda bestera;

Nor ez zoratu ikusitean

Aren ikusgei ederra,

Txori politak txorrotxioka

Eztitzen beben gañera?

 

Eguzkia zan goizetik jagi,

Errañu meiak jaurtika,

Laster txuntxurrak asi jakozan

Barreka iratzarrita;

Bildots ta txalak ikotian da

Ibai errekak dizdizka,

Alako goizik ez dot ikusi

Ikusi arren amaika.

 

Bizkaiak ditu ibar galantak,

Danetan baña nausia

Uste dot dala Gernika aldeko

Zelaitza zabal andia;

Ain da malatsa, aiñ lur ugari,

Madura zoragarria,

Non bizi oi dan neke gitxigaz

Eroso nekazaria.

 

Begiztetean baña Gernika

Toki aiñ entzutetsua,

Samurtu jatan biotza laster

Bai eta poztu barrua;

Bera zalako joateko ara

Bien eustana gogua,

Bera zalako gure ertegi

Gure Batzarren lekua.

 

Bai, antxe neban garaitxo baten

Begiztau etxe santua,

Gure legien ol zar zabalen

Gordetegi aiñ dontsua;

Zugazti batek eukala ondo

Egoki kerizpetua,

Baña zugatz bat an ortu baten

Nekusan berarizkua.

 

Antxe egoan maitetzen neban

Aretx danetan autua,

Zeiñen aurrean itzalez laster

Billostu neban burua;

Ikusitean baña zartuta

Osoro aguratua,

Begietatik abiau jatan

Tantakaz jausten malkua.

 

Malko artean deituten deutsat:

O! Aretx itzalgarria!

Zizpuru luze bat egin eta

O! Zugatz agurgarria!

Zeruak daki noztik zagozan

Or erne eta azia,

Izan zinaiten Bizkaiarentzat

Bere banderan jarria.

 

O! Aretx dontsu busti bagea

Erejiako euriak,

Zure ezkurrak agaitik ziran

Danak osasungarriak;

Beti ezkotu eutsuzalako

Erroma aldeko odeiak,

Gorputz susterrak, buru besangak,

Abar, kimu ta orriak.

 

Etzinduezan iñoz eurendu

Gaztelar ta arrotz gaiztuak,

Nai izan arren areik sarritan

Izan bai zure goikuak;

Baña bat einda pillo batean

Asaba antxiñakuak

Gorde ebezan akatsik baga

Euren lege zar dontsuak.

 

Osterantzean esan daiela

Gaur Padurako mendiak,

Zirealako eurak an izan

Orduan ikuslariak,

Burua arro ekarri arren

Ordoño bildurgarriak,

Ea etziran bere odolaz

Gorritu ango arriak.

 

Autortu beie Gordexolako

Txuntxur andi ta txikiak,

Zeintzuk dagozan orduan zelan

Alan gaur bere zutiak;

Ze zurra artu eban Juan Zerda

Zeken azartu andiak,

Ta ze garaipen barriz bestera

Jaritxi eban Bizkaiak.

 

Autortu begi Anbotok eta

Autortu begi Gorbeiak,

Zer artu eban bigarren aldiz

Zerda betiko etsaiak;

Urreratzean Otxandiora

Ta askok galtzean biziak,

Ea irakin ezpeutsen ari

Orduan errai larriak.

 

Kantau begie Sollubek eta

Mungia aldeko tontorrak,

Ezpazirean izan beste beiñ

Asabak ausiezkorrak;

Non erdaldunai emon eutsezan

Gomutagarri gogorrak,

Ez eukalako neurririk bere

An bota eben odolak.

 

Egun guztian an ekin eutsen

Alderdi biak sutuak,

Lantza ezpataz eta su-armaz

Biziro amorratuak;

Baña nagusi urtendakoan

Bizkaitar otso zintzoak,

Bildotsak legez emendik doaz

Bildurrez Gaztelakoak.

 

Orretaraxe zirealako

Izan len gure Asabak,

Gorputza sendo gorde zenduan

Baita besangok zabalak;

Erakutsita arrotz guztiai

Euren bizkaitar bizarrak,

Aukeran emen eiten ebezan

Zure azpiko batzarrak.

 

Agur o! Aretx aztu eziña

Banoa oraiñ etxera,

Etzaitez arren oraindik jausi

Alditxo baten lurrera;

Semetxo orrek bota artean

Kerizpe zabal ederra,

Bizi gaitean Asaben gisan

Lege zarrakaz aurrera.

 

Zeruak alan gura da

Landara barri samurra,

Aitak legetxe ugari emon

Arren egizu ezkurra;

Artu egizu baita zuk bere

Eiten deutsudan agurra,

Ikusiko al zaitut barriro

Egin baño len agura.

 

Nik emon neutsan berba orixe

Sarri jatana gomutau,

Beti egiterik ezelan bere

Baña biotzak nai eztau:

Arbola zarra ill zan betiko,

Semeak poztuten enau,

Ai! gure lur on Bizkaia zana

Vizkaitu dalako danau!!!

 

aurrekoa hurrengoa