www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asti-orduetako bertsozko lanak
Felipe Arrese Beitia
1902

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asti-orduetako bertsozko lanak, Felipe Arres ta Beitia. José Astuy-ren moldiztegia, 1902.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ikazkiñ baten neguko kejak

 

Oraindik negu luzea bada,

Eingo dabela ustea,

Pronostikoak alan diño ta

Au da barri bat tristea,

Garirik ez da, artoa palta,

Besteak konfiantzea,

Ez dakit zelan izango ete dan

Uda barria artzea.

 

Bart egin deusku edur asko ta,

Sartu jat sartu bildurra,

Enintzateke ni estutuko,

Baneuka sendo egurra;

Baña guretzat ez da besterik,

Dugan iturrian ura,

Amaika pena iragoteko

Etorri giñan mundura.

 

Familia dot erdi billoxik,

Ez dauke oñetakorik,

Otzen bildurraz barruan dagoz,

Kanpora urten eziñik;

Oñak ez eze eskuak bere

Daukez ozpelez beterik,

Gure etxea neguan ez da

Ospitaltxo bat besterik.

 

Zapatariai esaten deutsat

Ein daiguzala zapatak,

Nunbait jakin dau, zelan garean

Zor pagatzalla eskasak;

Eluskit iñok burlarik eingo,

Bei bi baneukaz galantak,

Okelea jan eta narruaz

Egingo neukez abarkak.

 

Fumalaria gaztetatik naz

Gaizki azien legera,

Ordu betean ezin egon naz

Ketu bagarik ezela;

Aspalditxoan dirurik ez da,

Beste askotan bezela,

Pipa motxean zer fumau daiket?

Tabako ordez orbela.

 

Zortzi daukadaz umeak eta

Neguan ez daukat lanik,

Neu ta andreaz amar lagunen

Arduraz nago kargaurik;

Afariteko geienez daukat

Talo bat erdi errerik,

Eta basoko otorduetan

Lau jaten ditut bakarrik.

 

Ikazkiña dot opizioa

Udan gitxi dot aurratzen,

Lengo zor zarrak pagetan ditut

Diru guztiak emoten;

Baña dendetan geroko bere

Zuloak jataz gelditzen,

Umeok azitakoan tapau

Bearko ezpanaz, illten.

 

Pobrea gaizki udan bizi da,

Eta txarrago neguan,

Orrexegaitik arlote izan

Ez dau iñok nai munduan;

San Juanetan beroz erretan,

Otzaz illten abenduan,

Gure Jaungoikoak egingo algaitu

Gu bere aberats Zeruan.

 

aurrekoa hurrengoa