www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asti-orduetako bertsozko lanak
Felipe Arrese Beitia
1902

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asti-orduetako bertsozko lanak, Felipe Arres ta Beitia. José Astuy-ren moldiztegia, 1902.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Domeketako eskolak

 

Zer da lurrean argia baño gauza oberik?

Eguzkia duiñ ederra danik, zer zeruan?

Zer da argirik ez dakusana itsu bat baño,

Bizi dalako Linboan legez au munduan?

 

Orren pozgarri argia bada gorputzerako,

Zer izango da arimarako barriz bera?

Nun aurkitzen da espirituko argia baña,

Baldin begiak bada ikusten ez dabena?

 

Nun izango da ezpada gure relijiñoan,

Zeñ dan arimak argituteko Eguzkia?

Ta beragandik, zelan da iges gaur ibiltea

Aiñ zoli bada bizi garean gizaldia?

 

Aurreratu dau gizaldi onek beko gauzetan,

Amaitzekoak direanetan guztiz asko;

Aurreratu dau, baña betiko direanetan?

Ai! ez dau ezer uste dagonik gerorako.

 

Ai! bear asko egiñ dituez gaurko gizonak,

Illuntasuna eta dudea zabalduten;

Ta fededunak egongo gara lotuta legez

Fede bageak ikusitean aurratuten?

 

Jaungoikoaren Ministroari, etzan fedea,

Bautisetako Eleixan sartu giñanean,

Danok guztiok eskatu geuntsan gauza bakarra,

Mundura jaio eta lenengo egunean?

 

Baña, fedea, zer da billoxik obrarik baga,

Ezpada iya illda dagoan kandelea?

Ta zer da bera karidadeaz batu ezkero

Ezpada gauza asko al daiken birtutea?

 

Poztu zaite gaur, neskatillea, suerte onek

Au da fedeak zelan zaituan argituten;

Dakutsulako karidade ta fedea naste

Dabiltzanean ze gauzak diran gertatuten.

 

Dakutsulako fedeaz naste karidadeak,

Ez dakiana emen dabela zolituten,

Dakutsulako igaz letrarik ez ekianak,

Gaur dakiala irakurri ta eskribitzen.

 

Dakutsulako fedeaz naste karidadeak,

Zenbat meritu aurten dituan irabazi;

Oraiñ denpora gitxi illunak ziran buruak,

Dagozalako gaur biurturik izar bizi.

 

Esker andiak, domeketako eskoletako

Eguzki eder zarien dama aiñ nobliak;

Eskerrak zuei, zuen argia irantsiteko

Zergaitik bota dituzuezan izerdiak.

 

Jarraitu, bada, illuntasun ta ezjakiñari

Jakituria argitzalleaz gerra egiten;

Jarraitu zuen domeketako eskoleagaz,

Neskatillea birtutietan argituten.

 

Jaungoikoaren bildur santuan esanik dago,

Jakituriak daukala bere asiera;

Bildur orretan susterra daukan jakituria

Dalako emen zuek zabaltzen dozuena.

 

Ez atzeratu, emakumezko apostoluak,

Inkau betiko ikasi ona neskatxetan;

Ama on batek bear dituan sentimentuak

Erein ugari, frutuak emon dagiezan.

 

Jaungoikoaren bildur santua gizonak badau

Bera apaintzen daben doerik ederrena?

Obetuago ez dau edertzen emakumea

Berez dalako etxunagoa gauz onera?

 

Ez da dote andiagorik emakumean,

Ikasi onaz naste badaukaz birtuteak,

Mundu guztiak baño geiago zerren balio

Daben etxean zoli ta ona dan andreak.

 

Zorioneko andrea ona daukan gizona,

Zori oneko etxe atako familia;

Zorioneko ango umien amak badauka

Domeketako eskoletako ikasia.

 

Zorioneko eskolan artu eban argia,

Zelan irantsi ak eingo daben alabetan,

Duda bagarik izango dira ispillu eder,

Uda barriko euren lorazko urtietan.

 

Ak aziko dauz kristiñau onen ardureagaz,

Pristia txarrak iñoz iruntsi ez dagizan;

Ak erakutsi egingo deutse zelan ez jausi,

Sarri topetan direan arri labanetan.

 

Ak erakutsi egingo deutse bere alabai,

Alperkeria dala griña txar danen ama;

Ak erakutsi egingo deutse orrexegaitik,

Goixetik jagi eta egunez eiten lana.

 

Ak erakutsi egingo deutse, naiz pobre izan,

Garbitasunaz eta egoki ingirauten;

Dirutzak euki arren zergaitik ganora baga,

Ez ikasiak asko direan agertuten.

 

Ak erakutsi egingo deutse arrokeritik

Urrindu bear dabela beti langilleak;

Ak erakutsi egingo deutse umildadeaz

Bear dabela beti ibilli neskatxeak.

 

Ak erakutsi egingo deutse zer dan mundua,

Berak daukazan arrokeria guztiakaz;

Ak erakutsi egingo deutse euren arimak

Zaletu bear dabela gauza santuakaz.

 

Ak erakutsi egingo deutse euren arimak

Jaungoikoaren antzera zelan diran eiñak;

Jesuskristoren odolarekin erosi eta

Zeru ederrak irabazteko baita duiñak.

 

Onelakoxe mesede eta frutuak dira

Domeketako eskolak emon leiezanak;

Direalako emen dabiltzan neskatxak asko

Izango nozbait guraso eta baita amak.

 

Onetaraxe landarak bere emoten dabez

Frutu ederrak, baldin badira eurak onak;

Alan kristiñau leial direan amak geienez,

Euki oi dabez gaiztoak baño ume obak.

 

Ezin eskatu ginai lurrean besterik ezer,

Bakar bakarrik Jesukristoren erreñua;

Auxe jaristen eskola onak nekau ezkero,

Salbau egingo litzake mundu aiñ galdua.

 

Eskola onak egin bear dau orretarako,

Gaiztoen kontra al dan dana erakutsi;

Zeruetako laguntasuna onak dauka ta,

Jaungoikoaren kontra, nok daike irabazi?

 

Jaungoikoaren laguntasunaz eskola onak

Azkenerako eroango dau bitoria;

Eskola onak bakar bakarrik birtutez jantzi,

Daikez uria, erria eta baserria.

 

Gloria eta ondrea, bada, domeketako

Eskoletako dama on noble irakaslai!

Gloria! euren irakaste ta ardureari,

Baita sarien duin egin diran neskatillai!

 

Eta gloria! danen gañetik Jaungoikoari!

Bera dalako gauza on danen iturria,

Bere gloria geitute arren dalako utsik,

Domeketako eskola onen egarria.

 

aurrekoa hurrengoa