www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asti-orduetako bertsozko lanak
Felipe Arrese Beitia
1902

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asti-orduetako bertsozko lanak, Felipe Arres ta Beitia. José Astuy-ren moldiztegia, 1902.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ardo zale batek
bere eskuko baso ardoari

 

Munduan det gauza bat

Guztiz pozgarria

Norbaitek esango du

Dala urre gorria,

Baña beste batek du

Neretzat grazia:

Zer ote da orren gauza

Añ maitagarria?

 

Ez zillar, ez urre ta

Ez diamantiak

Ez dira ni poztzeko

Oso egokiak,

Ardo gabe ez dira

Oien bertuteak

Biotzetik kentzeko

Eni naigabeak.

 

Baña ardo naikoa

Badet sabelean

Penok botako ditut

Aide gogorrean;

Alegre izango naiz

Goiz ta arratsaldean,

Lo berriz egingo det

Aukeran gaubean.

 

Atoz, matsaren zumo

Noen edaria,

Gizon ark utzi zigun

Oroipengarria,

Mundua mundu arte

Bere memoria

Idukitzeko badu

Ongi irabazia.

 

Zarren bizitza zera,

Gazteen indarra,

Munduan danok degu

Zerorren bearra;

Biba! biba! ardoa,

Klaret zeñ naparra

Auxe da neretzako

Pozgarri bakarra.

 

Fruta danen artean

Zu aukeratua

Zera meza emateko

Ta an konsagratua;

Etzaitez arren galdu

Bestela mundua

Sentimentuz litzake

Bertatik galdua.

 

        Ardoak

Enaiz iñoiz galdul

Gizonak, munduan,

Jaunak zuen pozgarri

Ni egin ninduan;

Barrungo illuntasun

Ta tristura orduan

Atozte poz artzera

Nigana beinguan.

 

Basoan naukazun au,

Orain dezun miña

Kentzeko antziñatik

Nagotzu egiña,

Etzaitez ez beldurtu

Dezu gaitz jakiña,

Nazu triteen poz ta

Gaitzen atsegiña.

 

Emen naukazu, bada

Mamatxo goxoa,

Oraiñ benetan triste,

Gañera gaixoa;

        Gizonak

Jasoko det aora

Ta itzuli basua

Sabelean daukazu

Klink! zure lekua.

 

aurrekoa hurrengoa