www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asti-orduetako bertsozko lanak
Felipe Arrese Beitia
1902

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asti-orduetako bertsozko lanak, Felipe Arres ta Beitia. José Astuy-ren moldiztegia, 1902.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Munduko goraberak

 

Seaska eder sedaz jantzian nintzan jaio,

Baita lenengo urtea bere an irago;

Palagu eta eregu danak nituala,

Baña joan zan ango aldia bereala.

 

Aurrera bere bizi nintzan ni naikeretan,

Mizkeria ta arigura gozoetan;

Beti gu izan giñealako eukitsuak,

Aberatsetan errian goren gorenguak.

 

Gaur baña zelan aurkitzen nazan oso pobre,

Enazalako lengo eukien baten jabe;

Ai! ezbearrak nebazalako izan asko,

Okertu ziran gauza guztiak niretzako.

 

Aldakuntze au mundu onetan ikustea,

Gatx eingo jatan aldi batean sinistea;

Neure bizian egin ez arren on uste,

Kolerari legez lagunak iges deuste.

 

Gaztezaroan alkarren kutun gu giñean,

Genbiltzalako beti batera jolasean;

Eskolan bere ibilli giñan beti nasi,

Anaia batzuk legez giñean iya bizi.

 

O! baña oraiñ areik goi goian ta ni beian,

Aurkitzen gara oso desbardin suertian;

Zeinbat alditan eurai jo arren nik atea,

Jaunak lagundu daizula dabe limosnea.

 

Albotik bere sarritan jataz iragoten,

Senide urtzat len jatazanak autortuten;

Jausi nintzanik ona ez deuste ein agurrik,

Eztu zuzendu nire alderuntz arpegirik.

 

Baña pobretu arren, ondrarik galdu neban?

Ausaz au ez da len legez bizi gaur enegan?

Ausaz agurrik egin ez arren aberatsak,

Neugan egoan azpiratzea zorigatxak?

 

Pelotatxo bat guztiz errez da biurtzea,

Naiz da etorri indar askogaz aterea;

Iñor da bada gizon argal ta gisajua,

Atzeratzeko Probidentzia indartsua?

 

Edur artean egiten bada erabilli,

Mokilia joan oi da egiñaz beti andi;

Nire lagunak jarraitu dabe andituaz,

Zeinbat zarrago diru geiago pillatuaz.

 

Eta ni barriz, asi ezkero mallak galtzen,

Lurra jo arte enaz gelditu beratuten;

Galdu jatazan uste bagarik ondasunak,

Ala ez dakit baziran bere txartasunak.

 

Ni nintzan legez, bizi danen bat jausitea,

Gertau leiteke, ta kantaz ezin nasaitzea;

Jausi arren nik, kanturik ezin neike laga,

Naiz da negarrez itxi egiak esan baga.

 

Ez da ardura biotza illun euki arren,

Berau dagoan aroan kantau nai dot emen;

Egunak bere oz dira danak goi urdiñak,

Batzuk argiak, besteak motzak desbardiñak.

 

Alantxe bada errama baten soñuetan,

Ez da txoria ikusten egun guztietan;

Batzuetan dan kantetan tantai gallurrean,

Beste askotan lenengo daukan adarrean.

 

Entzun izan dot Jaungoikoaren lanbidea,

Eskellarak bai, dala egiten jardutea;

Bekoak askok igo dagien zeruraño,

Eta goikoak jatsi daitezan lurreraño.

 

Ta niri bere gertatu bajat jatsitea,

Beste askori oi jakon legez igotea,

Mundu onetan beti dakusguz gora berak,

Suerte on ta txarrak eztira gizonenak.

 

aurrekoa hurrengoa