www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asti-orduetako bertsozko lanak
Felipe Arrese Beitia
1902

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asti-orduetako bertsozko lanak, Felipe Arres ta Beitia. José Astuy-ren moldiztegia, 1902.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Eskoriatzako mediku Jaun
Biktoriano Illunbe ta bere andre
Eustakia ezkonberriai

 

Senar emazte gazte doatsu

Amorez zintzo garbiak,

Zeraten biok lotu zaituzte

Bai Sakramentu aundiak;

Ezin obeki zaituztelako

Elkartu bere graziak,

Korapill baten baturik sendo

Biotz bi maitelariak

Urte luzeetan iraun dezala

Zuen ezkontza berriak,

Zoriontasun osoz gozatu

Egiñik egun guztiak.

 

Biktoriano Illunbe, nere

Adiskide txit maitea,

Ditxarik asko da iristea

Bertutetsu dan andrea;

Dirudiana larrosa eder

Amore garbiz betea,

Dirudiana lirio zuri

Animan loirik gabea;

Nola dan bada zure Eustakia

Doai oietxen jabea,

Bera izan da Eibartarretan

Usai ederdun lorea.

 

Erori zaion loteriakin

Ain bioleta gordea,

Nik sinistzen det zeruak gura

Zuela sariztatzea;

Probidentziak dakialako

Danoi emazen gurea,

Modu berean eman diola

Eustakiari berea,

Emateakin bere senartzat

Alako gizon noblea,

Galai zaldun ta Kristau on eta

Mediku ezin obea.

 

Orregatikan kantauko det

Daukadan indar guztiaz,

Eskoriatza pozik dagola

Alako gizon argiaz;

Kantauko det Biktoriano

Mediku jakinduriaz,

Dala bikaiña, dala aparta,

Eta au diot egiaz;

Pruebak eman dituelako

Sarri askotan eriaz,

Bestek sendatu ezin zuena

Sendatutako zauriaz.

 

Suerte ona egin dezula

Esango dizut kantuan,

Zuk Eustakia, ain gizon ona

Daukazulako albuan;

Nork irabazi egingo dizun

Errian eta kanpuan,

Eta zuk berriz zintzo gorderik

Arraultzak kabiatxuan,

Txit aberatsa izan zintezke

Urte gitxiren buruan,

Zer kanta dedan bertso onetan

Iduki zazu kontuan.

 

Kanta ezazu zuk ere iñoiz

Koplau arturik goguan,

Erlien gisa zabiltzanean

Lanetan etxe barruan;

Txoria daukat arrapaturik

Beti betiko eskuan,

Au bizi bazait enaiz erruki

Ni onezkero munduan;

Zeren goseak ez didan illko

Berau sekulan neguan,

Dakialako alea biltzen

Elurra ein arren soruan.

 

O! baña nola ezin gintezken

Gu beti bizi kantetan,

Senar on orri baita lagundu

Zotin ta zizpuruetan;

Amorioa ezagutzen da

Geienez naigabietan.

Ta amorioa eten gaberik

Ezpada ezkonduetan,

Ez ta izango beren bizitza

Doatsu mundu onetan,

Purgatorio luze bat baño

Zeñ ezdiodan txantxetan.

 

Amoriozko batasun zailla

Ez da diruaz ordaintzen,

Amoriozko batasun ona

Ez da ezekin berdintzen;

Amoriozko batasun on

Dauka duenak iristen,

Au da gauza bat, gura duenai

Goiak diena bialtzen,

Biktoriano ta Eustakiari

Nola mesede orixen,

Jaunak ein dien, beren ezkontzaz

Lagunok poztu gaitezen.

 

Poztu gaitezen, eta bedeinka

Ditzala intzaz Zeruak,

Bedeinkazioz eman ditzaten,

Landare oiek frutuak;

Bedeinkazioz izan ditezen

Beren aitamak lakuak,

Izan ditezen euskaldun utsak,

Kristau garbi ta prestuak;

Maite izango dituztenak bai,

Gure lege zar dontsuak,

Zeintzuen izen euskalduna dan

Jaungoikoa eta Foruak.

 

aurrekoa hurrengoa