www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asti-orduetako bertsozko lanak
Felipe Arrese Beitia
1902

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asti-orduetako bertsozko lanak, Felipe Arres ta Beitia. José Astuy-ren moldiztegia, 1902.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Politikako kontuak

 

Negarren jainkosa samurtu nagizu,

Egin dagidan malkoz biotz danau urtu,

Antxiña emon neutsun lenengo tantia,

Baita beterik itxi zure edontzia,

Urteokaz nik egin ez arren negarrik.

Ibilli nazalako erdi zoraturik.

 

Iñok baño obeto zuk bada dakizu,

Mundura zelan nintzan ozta ozta agertu,

Zure lira tristea joten bereala,

Garrasi ta negarrez nik ekin neutsala,

Naiz ta gero lurreko gauzen durunduak.

Itxi arren negar ots guztiak ituak.

 

Ego baketsuokaz jatsi ta zatozkit,

Begiok estaltzera eurakaz bertotik,

Erdu, ta eldu zaitez, zatoz bereala,

Jo dagidan gaur lirau, zuk emon zeunstana,

Negarrez soñututen lagun egidazu,

Ez al dakizu ondo, zer jatan gertatu?

 

                  * * *

 

Zenbat aldiz lenago ames zoroetan,

Poztuten zan biotz au etorkizunetan.

Usterik ziur ziur egunen batian,

Koronel izatea neure batalloian,

Desegiñ ziran baña alako amesak,

Begitanziño areek gaur jataz garratzak.

 

Zer dira inguratzen naben gogamenak?

Biotz au illun illun, ipinten deustenak?

Ai! dira gaztetako esperantz aundiak,

Beti neure aldera danak ikusiak,

Baña partiduetan geiegiko pozak,

Izan oi dira barruz mokol arro utsak.

 

Deslaiturik umeak eta emaztea,

Eskutatu neban nik gure banderea,

Zorigaiztoko kontu politikakuak,

Ekarri deustazuez egun ain estuak!

Nire egiñ-bearra uste dot etzala,

Umeak ta andrea zaintzea ezpada.

 

Oraiñ bildurrez nago dala kastigua,

Geixotasun ta gatx au Jaunak bialdua,

Egun batean gerran preso nintzan jausi,

Ugarte onetara ninduen ekarri,

Galdurik umeak ta galdurik andrea,

Galdu dot osasuna, ta ia bizitzea.

 

Zelan bialdu oraiñ zizpiru samur bat,

Emazte ta umeai iñogaz ez daukat,

Aixeak zaroiazan odeitxo zuria.

Ai baziña niretzat gaur mandataria,

Eta or itxasoan zabiltzazen bagak,

Eroan bazengiez nire negar tantak.

 

Bestelan egan azkar zoazan elaia,

Artuko al deustazu arren errukia!

Iragoten bazara nire etxe aldetik,

Diñotsut biotz eta arima arimatik,

Ene emazte maite ta ume laztanai,

Gorantzia illunak emoteko danai.

 

Azkenez biotzeko amodio-garra,

Tximista biurturik zoaz, zoaz, bada.

Baita zeugaz batera nire espiritua,

Gorputzetik urten da bijua bijua,

Agurtzera umeak ta andrea betiko,

Bakarrik gaur ementxe nazalako illgo.

 

aurrekoa hurrengoa