Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Ondo-solasa

 

      Euskalherrian, Kultura inprimatuak, Leizarragarekin hasi bazen ere, Axular-i zor dio kultura klasikoaren gureganatzea, aitzinateko autore greko eta erromatarren jakituria, aise, zalu, airoski ekartzean. Adierazpide hura, mendetan hinkili-hankala ibili zena, bizirik heldu zen gure mendera, iparraldeko izkirianta azkarrek, Eskualduna-ren bidez, landu zuten prosa eredua goititu eta finkatzeraino.

      Hegoaldean, Hegoaldeko Mendebalean, goizik ez, bederen, idazkera eta irarkola ez baitziren atzo goizekoak eta, ezjakinean, gure literatur tradizino bakarra ez baikenuen ezagutzen, gogoa bilakatu zen zubi. Horrela joan ginen euskaraz letratzen eta horrela Mirande eta Aresti ezagutuaz munduko beste bozak entzuten. Hortakotz, adinka eta tokika liferent, gostura irakurtzen genuen Atxaga, hortakotz maitatu dugu Sarri, hortakotz loriatuak gara Aingeru Epaltza, Luis Berrizbeitia, Eduardo Gil Berarekin.

      Munduko bozak ditugu hemen ere, aro eta nazione zenbaitetako ele eta idazlumak gure eginez bilduak. Istorioak bitxi badira, gertaldiak bitxiago oraino. Irakurle kuriusak baduke non jasta eta zeri atxik bere denbora eta begiak izkirio honetara landatzean, ikasle inpenitentak hatsa noiz hartu konprenituz doalarik. Eta, goraki irakurtzen bada, behar diren pondu eta birgula guzietan geldituz, beti izanen da, hor nonbait, haur analfabetoren bat, belarriak xut, halako irri arraro bat zabaltzen ari zaiola, errezelen atzean barrandari.

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994