Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Deabruek xarmatua

 

      Magdalena de la Cruz izeneko moja, oso ospetsua izan zen bere garaikideen artean. Zazpi urte zituela moja sartu zuten Kordobako «Santa Isabel Francisca» izeneko mojen komentuan eta ordutik bere saindutasunaren frogak erakutsi omen zituen. Egoten omen zen egun luzeetan jan eta edan gabe. Lo egiten zuen lurrean, etzanda izanik airera altxatzen zen lebitazioa egiten. Behin amets artean, Paviako gatazka ikusi omen zuen eta baita nola Joanes Urbieta soldado gipuzkoarrak preso hartzen zuen Frantziako Frantzisko Lehena erregea eta honelako beste ekintza harrigarri asko.

      Berrogei urte luzetan mezulari jainkotiartzat harturik izan zen eta bederatzi urtez bere komentuko abadesa izendaturik izan zuten. Gainera, kronikek diotenez, bere eraginez asko eta asko izan ziren bizimodu monakalera hurbildu zirenak. Baina, bapatean, eta beste moja baten salaketaren bitartez, deskubritu zen Magdalena de la Cruz ez zela Jaungoikoaren mezularia, deabruarena baizik.

      Gazte zenean, Balban izeneko deabrua azaldu omen zitzaion eta ordutik azpitratu bat zeukan berarekin eginik. Larrua jotzen zuen berarekin eta haren ohe azpian betiro aker beltz egoten zen gorderik tratua gogoraraziz eta beste gizaki guztiak engaina ahal izateko beharrezko indar ezkutua emanez.

 

Karlos Barrentsoro, “XVI. mendeko
mistizismo faltsuaren zenbait ixtorio”, Plazara

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994