San Patrizioren gaztaroa
Laugarren mende erditan sortua, aitamek, aberats eta giristino, ongi altxatu zuten beren haurra. Patrizio hamaseigarren urtean zen oraino, irlandes jende oste bat, beti ohointzan zebilena, sartu zenean haren etxeko lurretan. Hil zuten berehala Patrizioren aita eta gero hartu eta eraman zituzten berekin Patrizio eta haren etxeko bertze jende eta gauza guziak. Horra nola Patrizio izatu zen ebatsia eta saldua.
Hura erosi zuen jaunak ez zuen konturik egin ia aitorenseme ala ikazkin seme. Eta nola baitzituen artalde haundiak, igorri zuen oihanerat edo mendirat artzain.
Irlandan Euskal Herrian baino ainitz gaitzago da artzain izate hori, hemen baino hotzago egiten duelakotz. Patriziok ikusi bide zuen laster nolako egun alde beltzak zegozen harentzat eta hura zen bezain guriki eta goriki bizi izatua zenak zer jateko arrunta behar zuen handik goiti.
Eta, halarik ere, ez zitzaion belztu ez histu gogoa. Hortakotz, bada, lotu zen bere bizitze berriari gogo onez, gerta zekiola bustitzea, hoztea, bero egitea edo goserik egotea Jainkoak nahi zuen bezala.
Bazilio Joannateguy, Sainduen Bizitzea, 1890