|
Ele neumatikoak
Norbait hiltzen denean
Elduain eta Leitza tartean dagoen herrian batzuek sinesten dute norbait hiltzen denean, bere anima zeru bidean ondo ibiliko bada argia behar duela. Hortako inor hiltzen denean, familia behartsuenetakoa bada ere, argi asko pizten dizkiote elizan, haratako familia bakoitzari seinalatutako tokian. Toki hari sepultura deitzen diote. Gaur ez dute askok gauza horietan sinesten eta argia Jaunari bakarrik eskaintzen diote. Orain dela bi urte elizako erretoreak agindu zien bi edo hiru argi bakarrik pizteko, elizako paretak kearekin belzten zirelako. Baina jendeak Erretorearen agindua ez zuen ondo hartu eta lau edo bost aldiz, elizako predikaulkitik esan behar izan zuen. Emakumeak batez ere haserretu ziren bere hildakoen animak argirik gabe utzi behar zituztelako. Egun haietan emakume batekin hizketatu nintzen eta haserre samar nola zegoen galdetu nion hildakoen animek zerura joateko argia behar dutela sinesten al zuen. «Bai, behar ez balu, ez ginioke jarriko. Begira nik dakidana da, oraindio denbora asko ez dela, mina zulo baten, Bizkaian uste det, lurrak minero mordoska azpian hartu zituela. Minero haietako baten amak elizan egunero argia piztutzen zuela, egun bat bakarrik utzi omen zuen piztu gabe. Egun batzuk pasata minero hura bizirik atera omen zuten lurpetik eta esan omen zuen, egun baten bakarrik, jana, edana eta argi gabe egon zela. Kontuak atera eta egun hura bere amak argirik gabe piztu ez ziona omen zen».
J.M. Barandiaranek jasoa
Ele neumatikoak |