Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Ohorea

 

      Behin batez baziren neskatxa gazte eta mutil gazte bat eta elkarrekin atxikitzen zuten. Eta mutil gazte hark neskatxari ohore guztia barraiatzen dio eta badoa kofesatzerat. Eta apez hark igortzen du bertze zahar batenganat. Eta oraino apez hark bertze zaharragoko batenganat. Hark Aita Sainduarenganat eta erraten dio Aita Sainduak bere herrirat arteko hiri eta herri guziak bila ditzala eta lehenbiziko hila atzematen duelarik elizan gaubeila dezala.

      Badoalarik hiri eta herri guziak bilatuz eta ez du nehor hilik atzematen. Arras kontent zen eta bere herrian sartzearekin aditzen du hil ezkila eta galdetzen du nor hil den. Eta ematen diote arrapostua:

      — Zure emaztegaia.

      Eta gau-beila egiten du. Eta hila bere kaxan, mutil hura elizako ate baten gibelean. Eta oilarrak lehenbiziko aldian jo zuenean hila altxatzen da. Eta mutil hura arras harritua. Bigarren oilarrak jo zuenean hila goititzen da eta botatzen du platera bere ur benedikatuarekin lurrerat, eta erraten dio mutilari:

      — Hik ene ohorea hola barraiatu duk, eta orai bil zak, ur hori plater batean bilduko dukan bezala.

 

Wendworth Webster, Ipuinak

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994