Oroituz
Hanna Ederrak hiru senar izan zituen eta hirutan izan zen haien heriotzeen hobenduna. Hanna Ederraren azken gizonak Gunnar Lithen-ekoa, gizonetan bihoztoi eta baketsuena izanik ere, behin mazelako bat eman zion bere emazteari, honek manera zirtzil batez obratu baitzuen. Emazteak ez zuen inoiz barkatu.
Hainbat urteren buruan etsaiek setiatu zuten etxea. Bortak gakotuak zeuden, etxea isil. Etsaietako batek igan zen leihoaren harlaxeraino eta Gunnar-ek lantza batez trebesatu zuen.
— Gunnar etxean dea? —galdegin zuten setiazaleek.
— Bera ez dakit, bere lantza bai, ordea —esan zuen zaurituak eta delako trufa ezpainetan hil zen.
Gunnar-ek, bere geziek lagun, iraun zuen gezi etsai batek haren baleztaren korda moztu arte. «Eiho ezazu korda bat zure ileekin» erran zion bere maiteari, honen ile luze eta distirantak so eginez.
— Bizia joiak hortan? —galdegin zuen Hannak bere begi berdeak Gunnar-baitan landatuz.
— Bai, —Gunnar-ek erantzun.
— Higatik ez daustak ardura, nik neuk belarrondoko bat joat gogoan oraindino; holan ba, hire heriotza ikusiko dauat.
Andrew Lang, Entseiu ttipiak, 1891