Trobadore galdua
Oraindik ez zekien Anderezu dohakabeak dastatu zuen bere maluraren janariaz.
Iñigo Lopez-ek, orduan zion eztiki galdetu: «Zure gustokoa al da, Anderezu?». Eta neska gaixoak emandako baietza herabeari kasu eman gaberik, gizonaren aurpegiaren pean agiri zen basa ihiziak: «Urdanga madarikatua! Hire amorantearen bihotza dun hau, arnoz eta odolaz egosirik!».
Zurbildu zen Anderezu. Lipar batez, zorabiatua zela iduri zuen baina, berehala, begi urdinen sakontasunean galtzairuzko distira bat piztu zitzaion, zutitu zen eta esan: «Bai jauna. Benetan maite izan dut. Ene bizitzan ez dut inoiz jaki hau bezain onik dastatu eta hain da goxo non ez dudan hemendik aurrera ezer gehiago dastatuko, bere gozoa betirako lagun dakidan». Horrelako hitzetan abiatu zen gelatik kanpo. Arin igon zituen harrizko eta zurezko mailak. Almenen artean zutitu zen Iparraldera begira, lainoak eta malkoak nahasten zitzaizkiola, Altuben bere gaztaro zoriontsuari agur egin zion egunean bezalaxe. Eta maitearen izena ezpainetan, dorretik behera amildu zen.
Beltza, Zazpigarren alaba