Buruz-burukan
«Sortze Garbi egunean goizeko bostetan ikuilu mutil batek marrauzaz jo ninduen, eta ez kali (akabatu). Alfange haundi horietakoa zuen. Beharrik neukan alboan makila kozkor bat ona.
Burua atzeman nahi zidan ahaleginetan, baina nik itzuri ixkintxoka, behin berritan, gehiagotan berari eraso gabe. Hesia hautsi ezin zuela ikustearekin, gerrira keinatu nindun. Halako batean eskuineko erpurua ukitu zidan —ez bizkor— bigarren koskoan. Gogorrago jotzeko asmoz besoa zabaldu zuelarik gorputzera sartu nintzaion, eta, haren besoaurreari giltza emanik, marrauza utzierazi nion. Biok elkarri heldurik ginegola, indar gehixko egin harengandik bereizteko eta lurrera erori nintzan, haren marrauzarekin. Hark ihes bere burua iskilo gabe ikusi zuenean. Nonbait zeru osoa nere alde neukan une hartan.
Ez du hark lanik egiten etxe hontan “El Negrito” deritzoten horrek, baina erronkaz ari omen, nere betiko egurastokira agertu banadi, konponduko nauela. Oraindik aurrera, makila ez baina su-iskiloa eraman beharko lagun.
Nikola Ormaetxea, Orixeren eskutitzak, Karmel