Erremedio zorrotzak
Axularrek koleraren iraungitzeko erremedioez izkiriatu zuen, «dirakien eltzeari egiten zaikana kolerari ere egitea» gomendatuz. Bada, eltzeari sobera dirakinean «hiru moldez ematen ohi zaika erremedio. Lehenbizikoa, sutik aldaratzeaz eta urruntzeaz, Bigarrena egurren edekitzeaz eta gutitzeaz. Hirugarrena ur hotz gainetik emaiteaz». Eta hirugarren honetaz baliatu ziren nederlandarrak.
Espainolek, kolera gorrian, Leiden setiatu zuten. Ezpata gerrian eta katixima saindu buruan nahi zituzten herexe haiek konbertitu.
Orangeko dukeak orduan, Axularren aholkuari jarraitzen zitzaiola, hautsi zituen itsasoko dikeak. Eta hala fabore handi bat egin zien espainolei, zeren kolera iraungirik ur hotza dela bide, oro bertatik zeruratu baitziren, xede saindu bat betetzerakoan hil zirelako. Eta Lapitzek zioen bezala, soldadu bipil eta gartsu haiek bizia galtzerakoan, zer arartekoak ez dituzte irabazi zeruan?
Eduardo Gil Bera, Atea bere erroetan bezala