Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Bekatuaren itsusia

 

      Talad ibn Musa al Kaladani-k jakinarazi zidan Sulayman ibn Ahmad poetak behin kondatu ziona. Honi erran omen zion Hund izeneko emaztekiak, Ekialdean ezagutu zuena, Mekara bortz aldiz joana, jainkokoia eta otoiztia hagitz. Hara Sulaymani zer kondatu zion: «Emazteki batez etzakela behin ere ongi pentsa. Nihaurtaz erranen diat zerbait, Ala Zintzo eta Ahalguzidunak egia hutsa dela dakiena. Munduari uko egin ondoren, barkua hartu nian pelegrinaziotik bueltatu behar nuelarik. Bagineken ontzi hartan bortz emazteki, oro pelegrin eta Itsas Gorrian barrena bagindoaziela barkuko marinelen artean bazuken bat arront plantakoa, hagitz traza onekoa. Lehendabiziko gauan ikusi nian nola jotzen zuen pelegrinkide batengana eta eskuan paratzen zuela bere zakila, kider puska baitzen; emaztekia, berehala eman zitzaioken. Bertze hainbertze egin zian ondoko gauetan garaitikoekin. Bat xoilik gelditzen zelarikan nihaur nintzena, egin nian enekiko: «Orain hartuko dituk hireak eta asto beltzarenak», eta, kanibet animaleko bati atxiki naintzaioken fuerte. Gauaz etorri zuken, ohi bezala, eta lehen bezala egin gogo zuelarikan, kanibeta ikusi zian. Izitu eta ttarrapattan altxa zuken nigandik lekutzeko; baina neurehala, beraxtu ninduken eta erran nioken lotzen nintzaiolarik: «Ez, ez duk aldeginen, hiregandik dagokidana nik hartu artio». «Orduan» —akitu zuen atsoak— «bere egin beharra egin zian, zertaz Alari barkamena eskatzen baitiot».

 

Ibn Hazm Kordobakoa, Usoaren Lepokoa

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994