Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Heriotze orduan

 

      Goizaldera buruz, borreroa tribunaleko buruzagiekin presondegian sartu eta han atzeman dute Ravachol, harria bezala lo zegoela. Bertze guziak izialdurarekin harrituak, eta hura... lo!

      — Jaiki, jaiki, Ravachol! —Jaikitzen da, jauzi egiten duelarik—. Zer nahi duzue?

      — Har ezazu kuraie.

      — Zertako?

      — Hiltzera joateko.

      Dohakabea! Irri karkailaz hasten zaie, trufatzen da orotaz; eskarnio egiten die balakatzeko ele on zenbait erran nahi lioketen guziei. Borreroa ari zaiolarik bizkar gibelean bi eskuak estekatzen, ahora jin guziak erraten dizkio, erdi irriz, erdi hortz karraskan, iduri josteta bezala. Apeza ikustearekin erranen zenuen zainetako lotzen zitzaiola; zalapartan eta oihuka: ez zuen nahi apezik, hurbiltzen bazen, tu eginen ziola begitartera, hari eta haren kurutzefikari.

      Hiltzeko tresnaren gainera denean, nahi izan du jendeari azken aldikotz mintzatu. Berehala lotu zaizkio borreroaren laguntzaileak. Nahi bazuten eta ez, etzanarazi dute han, taularen gainean. Oihu marraskaz eta zalapartan ari zen: nahi zela mintzatu, bazuela zerbait erraiteko, lepoa moztearekin kordokan ari zelarik, entzun dituzten azken hitzak hauk dira:

      — Biba errepublika!

      Ordu berean ikusi dituzte haren burua alde baterat, gorputza bertze alderat erortzen. Eta haren arima, norat joan ote da? Nolako errepublika lortu ote du orain den tokian?

 

Jean Hiriart-Urruty, Mintzaira, Aurpegia: Gizon!, 1892

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994