Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Oihanzaina

 

      Oihanzainak ihizarako ere bazuen gostu haundia.

      Uztail-agorriletan hiltzen zituen zenbait kaila ogilanda hegi batzuetan, buruilean eper zango gorriak, urrian urtzo-palonba ezkurrez papo beteak, bai eta hainitz biligarro. Neguko hotz handietan, fier zen zenbait aldiz ekartzen bazituen bi, hirur, lau pekada moko luze edo bost, sei pekaxina. Primaderan eta udan, berriz, haizatuko zituen lo zeuden erbiak.

      Erlande egun guziko joan zenean ihizirat, ez zuen ahantziko hartzea bere xahakottoa, ongi beterik eta arratseko zuen beti hustuko. Ez bazihoan kanporat egun erdi batentzat baizik, hartuko zuen kalabaza ttipitto bat; hura ere etxerat itzuli baino lehen zuen zintzurrari behera jautsaraziko.

      Erraten bazuen Ixteeni, bere emazteari, egun hartan deus ez zuela hartu, eta debaldetan zituela igorri haizeari behera zortzi sosen bolbora eta bost sosen perdiuna, alegia hura ez aditu ongi, ihardetsiko zion Ixteenik ezti-eztiki, ura berotua zuela zangoen trenpatzeko, akitua zelakotz, baratxuri salda ere prest zuela bere zopekin eta gopor bat esne arto boskaz beterik su ondoan zeukala. «Afaldu eta net ongi eginen dizu joaten bazara pausatzeko oherat» zion oraino erranen. Ixteenik bazekien esperientziaz hobeago dela emazte batentzat bere senarraren eztiki tratatzea, eta, kexu bada, haren apazeatzea, ezin ez eta harekin aharran artzea, gero panpakoen ukaiteko.

      Imitatzen zuen, beraz, San Agustinen ama, Santa Monika, zeina gisa hortan jokatuz, Patrizio, bere gizonaren alderat konbertitu baitzuen eta bataiarazirik heriotze on bat egin arazi baitzion. Gizonaren kolera eztitzen da zonbait ele on eta legunez, nola hiltzen baita su bat, pegar ur bat aurtikiz haren gainerat.

 

Michel Elissamburu, Lehenagoko eskualdunak zer ziren, 1889

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994