Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Autxerriko basanderea

 

      1809an Foixalde eta Couserans-eko bortu bazterretan, ihiztari batzuek andere bat aurkitu zuten, harkaitzetan herraturik eta biluzgorri zebilena. Ihesari eman zen baina laster atzeman zuten eta Suc herriskara eraman.

      Emazte gora zen hura, larrua iduzkiz brontzatua, ileadats beltzek jazten zutela. Arroparik nahi ez eta indarrez jauntzi zuten. Galdekatzen hasi zirenean isilik tinkatu zen. Zerbaixka mintzatu zen, halere, hartzak lagun zituela, berotzen zutela eta, noizteinka, aienez entzuten zitzaion, zinkurinez ari: «Zer esango ote du nire senar gaizoak?». Geroxeago isiltzen zen.

      Jendeak aiher eta beldur zitzaizkion, nonbait, eta Suc-eko apezak ostatatu zuen. Biharamun goiza zen apezetxetik aldegin zuenerako. Ihiztariek lasterkatu zuten, zakurrek ere, andereak ihesean txirtxikatu arropa puxketez gidaturik, baina alferrik.

      Negua heldu zen inoiz ez bezalako hotza. Hilda zatekeen, hotzez hilda, hormaturik aurki, ihizaldi handi bat eginez hauteman zutenean, lehen bezain zalu eta hezgaitza. Atxilotu zutenean Videcssos-era eraman zuten lehenik eta handik Foix-eko komentu batera. Jauntziak errefusatzen zituenez serorek, kolerakor, komentutik kanpo eman zuten. Harrezkero Foix-eko Dorre Borobilaren eskalerapera bildu zuten, bi ziegen arteko zulo batera zerratzeko, presozainen nahitara utzia.

      Egun eder batez, argibide haundirik gabe, Dorreko Zaintzaileak bere heriotzaren berri agertu zuen eta afera paper zaharren artean ordenatu zuten betiko.

 

Bernard Duhourcau, Pireneetako gidaliburua

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994