|
Ele neumatikoak
Orioa paperean bezala
Hain da bihozgabea zeruen haserrealdia, hain hauskor gizakien esistentzia! l457ko urte dohakabe honen bigarren hilabetean gengozan Heriotza gure ziutateko portuan barneratu jakunean. Ekialde urrutiko lurralde misteriotsuetatik etorritako galera batean, hain zuzen; kanela, piperbaltz eta oihal preziatuen artean ezkutaturik, beste bitxikeria estrainio bat bailitzan, bitxikeria merkeegia. Itsas aldeko auzo esteiariari suertatu jakon lehena izatea, hango emagalduek asko lagundu bai eutsoen izurriari bere bideak urratzen. Kale meharretan agertzen hasiak ziran gaiso famelikoak, eztul odoltsu batek zirgituta, izkina lohietan gorpua amildurik. Lehengo egunetan ez ziran sei baino,baina biharamunean hamabi bihurtu ziran, eta hurrengoan hamasei, hogeitabat, berrogei. Gauzak horrela joiazala, berehala zabaldu ziran zurrumurruak. Hasiak ziran, bada, geunkazan ospitaletxo bietako ohe zorritsuak betetzen, etxe asko biztanlerik gabe geratzen. Mediku aldrea harantza eta honantz dabil, ezintasunean murgildurik, nahikoa dabe beren bizitza zaintzeaz. Bada etxetik inoiz urteten ez dauan jendea, goseak gaisotzen dauzala, etsipenaren etsipenez. Badagoz ere afari orgiastikoetan axolagabe diharduenak, azken egunak ahalik eta gehien gozatuz. Noizean behin gurdiek ateratako hots zirraragarria datorkit belarrietara, neure senetik ataraz. Hilerrirantza daroe hildakoen zama kiratsua, bizitza eta heriotzaren arteko mandatari bezala. Baina egon badagoz baita, zorterik euki ez eta itsasoaren magal ilunetara egotziak diranak, Gotzain jaunak bedeinkatutako urek iruntsita. Sarritan, itsasoak barriro jaurtikitzen deuskuz hondartzetara.
Jabier Gorostiza, Ipuin arinak
Ele neumatikoak |