Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Hariztien akabera

 

      Elosegi jaunarena omen zen Bedaio osoa. Eta nagusi horrek garadi haundi bat gorritu eta landu ondoren haritz ezkurra erein omen zuen. Geroago, Joxe Erramun Zubillaga Ameriketara joan aurretik, 1903an, bostehun bat haritz landatu zituzten, Zarate ingurutik hasi eta Gurdiltxikiko garadiraino.

      1953an, Juan Kruz Zubillagaren adiskide haundi bat etorri omen zen Argentinatik Bedaiora. Eta Gurdillaundiko baserriraino joan ere bai garai bateko harizti eta baso haiek denak ikusteko asmotan.

      Argentinara itzuli omen zen Juan Kruz berriz ere eta Zubillagak jakin minez galdetu ere bai adiskide horri:

      — Hik eta nik aldatutako haritz haiek haundi eta lodi izango dituk honezkero!

      Eta Juan Kruzek bertatik:

      — Gu biok atera ginan Bedaio hartako zuhazti ederrik han ez zegok bat ere. Txoriak berak ere ihes egin ditek gu jaio ginan auzo hartatik.

 

J.R. Zubillaga, Ene sorterriari

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994