Miletoko birjinen miraila
Mirail hartan, Milesiak, bere antzak zituen imajina batetan, bere bekokia zimurrez arraildua, betazalak pikatuak, zaharreriaren itzalak makarrak gainezka zerizkien begietan, beharriak eroriak, moltsak masailetan, sudurraren hegalak gorri eta ilezu, okotza koipetsu eta idekia, bizkargaina hondatua, bularrak zakartuak eta ditiburu arrastorik gabe, sabela lurraldera eroria, izterrak lurkarak, belaunak zapalduak, zaintxuriak zangoetan markatuak eta oinak zaintsuak. Bilorik ez zuen imajinak eta opako koloreko zainak ageri ziren buruko larruaren pean. Zolaz eginak ziruditen bere esku hedatuek eta hatzazalak berunkara zituen. Honelaxe erakusten zion mirailak Milesiari biziak gordetzen ziona.
Bere antz guziak aurkitzen zituen bere imajinaren ezaugarrietan, honela bekokiaren borobiltasuna, sudurraren marra, ahoaren uztaia, ditien arteko aldea eta, oroz gain, begien kolorea, haretxek ematen baitu zentzuna eta sakona pentsamenduari. Lotsatua bere gorputzarekin eta geroaz ahalketurik ginezeoko atean urkatu zen Afrodita ezagutu barik.
Marcel Schwob, Urrezko maskaradun erregea