Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Zordunek paga!

 

      San Antonio Paduakoaren debozionearen alde Luisa Boussier-ek lan eskerga egin zuen. Saindua bizi zelarik bere pobreendako ogi eske nola ibilia zen jakinki, Luisak eta Luisaren adiskideek, beren nahigabe, makur eta behar-ordu guzietan, San Antoniori hel egiten zioten, beti ogia hitzemanez. Eta miragarria da nola San Antoniok laguntzen zituen.

      Eri sendatzeak bata bertzeari darraizkio, ehunka eta milaka, Luisa Boussier-i, munduaren lau bazterretatik, heldu zaizkion letretan ikusten denez. Letrekin, San Antonioren indar urrikalmendutsuaren berri emanez, sosa heldu zaio Luisa Boussier-i pobreen ogiarentzat. Eta hola haziak direnek otoitz egiten dute, otoitz bereziki San Antoniori, diru emaileentzat. Horrela San Antonioren ogiaren obrak, iduriz gorputzarentzat baizik ez den obra horrek, arimen ona dakarke.

      Baina kontu! San Antoniok nahi du zor dutenek paga dezaten eta, ahal dutelarik, sobera igurikarazi gabe. Bertzenaz samurtzen da, ondoko bi istorioetan, konparazione.

 

 

(I)

 

      Toloneko andere batek ehun kilo ogi hitzeman zituen, fagore handi bat erdietsi nahiz. Eskuratzen du eta lorietan heldu zaio Luisari erraiterat.

      Baina aste bat iragaiten da, iragaiten dira bia, lau, sei, iragaiten bi hilabete... eta ogi mikorik ez ageri. Luisa ikaratan zegoen makur zerbait gertatuko zelakoan.

      Goiz batez erraterat heldu zaizkio, andere hura hila kausitu dutela bere ohean.

 

 

(II)

 

      Bazter herri bateko emazte bat txalupaz etorria zen Tolonera. Botigaz botiga, dendaz denda, badabil erosten.

      Jadanik etxerat itzultzeko tenorea jina, zalu zalua txalupara badoa, parasola nonbait, ez daki non ahantzirik. Txalupan sartu deneko euria abiatzen da eta orduan ohartzen da gure emaztea ez duela han bere parasola. Ongi atxikia baitzen, bada, parasol horri!

      Berehala bortz libera hitzematen dizkio San Antoniori.

      Eta huna non aire berean gizon gazte bat, denda bateko puskaketaria, agertzen den lasterka, parasol bat eskuan. Horko norbaiten ote da parasol hau? oihu egiten die txalupakoei. Emazteak ezagutzen du eta lorietan hartzen bere parasol maitea.

      Baina geroxeago lagun bati erraten dio: «Ba! Bortz libera hitzeman dizkiot San Antoniori, baina nik agintza egin dudanean, jadanik parasola atzemana zen; ez diot deus zor!».

      Hitz horiek akabatu dituen bezain laster, ustegabetan parasola badoakio eskutik, erortzen da itsasorat eta doi-doiako bat uraren gainean egonik, urpean sartzen da eta betikotz gordetzen.

 

Diharassarry, San Antonio Paduakoa, 1897

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994